Ezker Abertzaleko zinegotziek uste dute udalak ez diola behar besteko garrantzirik eman lehengo maiatzaren 18an gertatutako eraso sexistari. Gizarteak gaitz honekin amaitzeko duen betebeharra nabarmendu dute.
Maiatzaren 18an, Amurrion, gizon batek bere emazteari labankada eman zion, eztabaida izan ostean, eta emakumea zaurituta eroan zuten anbulatoriora. Eraso sexista hori dela eta, Ertzaintzak gizona atxilotu zuen.
Horren harira, Ezker Abertzaleko zinegotziek gaur adierazi dute “hedabideetatik izan zutela gertaeraren berri”, eta egun horretan “udaleko berdintasunerako sailak ez zuela inolako informaziorik gertatutakoaren inguruan”. Hurrengo egunean baieztatu omen zien udalak erasoa gertatu zela. Brasi Bartolomé eta Belén Ortuetaren esanetan, azken egunotan “Ezker Abertzalea zain egon da udaletxeko buru noiz informatuko gaituzten eraso sexistaz, erakunde bezala idazki bat plazaratzeko”, baina ez omen dute erantzunik hartu.
Hori dela eta, zinegotziek adierazi nahi izan dute euren ustetan “eraso sexista bakar bat nahikoa dela errealitate gordin hori salatzeko” eta “botere publikoek ardura bere gain hartu behar dutela”. Horretaz gain, gizarteak duen papera azpimarratu gura izan dute, eta bai herria bai udala bera animatu dituzte “edozein eraso sexista salatu, errefusatu eta lana egiteko emakumeen eskubideak bermatzeko”. Azkenik, gogorazi dute eraso sexistetarako arreta zerbitzuko telefono zenbakia: 90084011/016.