Arabako arduradunekin izandako desadostasunak direla-eta, alderditik alde egitea erabaki dute. Euren esanetan, ez da errespetatu Aiaraldeko Aralarri lan egiten uzteko hartutako konpromisoa.
Barne-antolakuntzarekin lotutako desadostasunek krisia piztu dute Arabako Aralarren. Horren berri oraintsu izan dugun arren, hilabeteak dira giro nahasia dagoela alderdiaren barruan, batez ere Aiarako eta Gasteizko arduradunen artean dauden tira-birengatik.
Alde egin dutenen artean alderdian ardurak izan dituzten militanteak daude, baita kargu publikoak ere. Talde horretako iturriek aiaraldea.com-i adierazi diotenez “kontua aspalditik dator” eta “ez dauka ildo ideologikoarekin zerikusirik; antolakuntza-arazoa da, eta neurri batean pertsonala”. Kontua, antza, herrialdeko koordinatzailea aukeratu zenetik dator. Orduan desadostasunak gertatu ziren alde batetik, Aiarako eta Asparrenako (lekuotan du Aralarrek indar gehien Araban) arduradunen eta Gasteizko arduradunen artean. Azkenean, prozesu horretatik ateratako exekutiban ez zen Aiarako Aralarren presentziarik egon. Dena dela, euren esanetan “konpromisoa hartu zen Aiarakoei lan egiten uzteko”. Konpromiso hori, ostera, “ ez da bete” eta “Gasteiztik trabak baino ez dituzte ipini”. Hori dela-eta, 24 kide hauek alderdian baja eskatzea erabaki dute, asko “pena handiz, proiektuarekiko ilusioa badagoelako”.
Orain egoera bere horretan dago eta Aralarreko arduradunek kontua aztertzen ari dira. Talde honen iturrien esanetan “ez dago argi aurrerantzean zer gertatuko den”, baina “gaitza izango da alderdira bueltatzea, egoera aldatu ezean”, nahiz eta orain alderdiaren aldetik “inoiz baino baloratuago” sentitzen diren.