Artziniega euskal bolo-jokoaren hiriburu bihurtuko da datozen asteotan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2010ko mai. 20a, 12:46

Artziniegako bolatokiak Euskadiko Txapelketa hartuko du ekainaren 5ean. Oraingo asteburuan Arabako kanporaketaren finala ere berton jokatuko da.

Artziniegako bolatokiak Euskadiko Txapelketa hartuko du ekainaren 5ean. Oraingo asteburuan Arabako kanporaketaren finala ere berton jokatuko da.

Artziniegako Garai Plazako pilotalekuan dagoen bolatoki estalia prest dago dagoeneko datozen egunetan euskal bolo-jokoaren hiriburu bihurtzeko. Izan ere, asteburu honetan bertan Euskadiko txapelketara Arabatik joango diren ordezkariak aukeratzeko finala jokatuko da, aurretik 12 kanporaketa egin ostean, eta handik aste bira, Euskadiko Txapelketa bera ere hartuko du. Txapelketa “bolatoki” izeneko estiloan jokatuko da, hain zuzen ere Aiaraldean praktikatu ohi den modalitatean. Horrezaz gainera, badaude beste 12 modalitate federazioaren barruan, baina hau da zabalduen eta osasuntsuen dagoena gure lurraldean eta, hortaz, txapelketarako aukeratu dena.

Txapelketa nagusiko lehia goizeko 8etan hasiko da zapatuan eta 45 bolarik hartuko du parte, hamabost EAEko herrialde bakoitzetik. Bolari bakoitzak 6 bolako bi txandatan jaurti beharko du. Eurekin batera, iazko txapelduna ere lehiatuko da, Okondoko Oskar Olabarrieta. Oskar duela urtebete garaile izan zen Zornotzan burututako finalean, Jose Luis Arregi, Jesus Arregi eta Iñigo Urielen aurretik, eta hantxe ziurtatu zuen aurtengo finalean egotea. Egungo txapelduna aiararra izateak argi erakusten du gurean bolo-jokoak duen indarra eta afizioa, batez ere kontuan edukita Euskal Herriko beste leku askotan gainbeheran dagoen kirola dela, edo izan dela duela gutxira arte. Datu bitxi modura, aipatu behar da gure eskualdean daudela Euskal Herriko “hiri-bolatoki” bakarrenetariko asko, hau da, auzo txikietan ez daudenak.

Kirol-ekitaldi bi hauek Artziniegako ERRONDO bolo-klubak antolatzen ditu. Kluba 2000. urtean sortu zen (Artziniegako bolatoki berria amaitzearekin batera) eta gaur egun 8 lagun ditu federaturik. Urtero-urtero hiru bolo-ekitaldi antolatzen ditu Artziniegan: Arabako txapelketari dagokiona, beste bat jaietan, eta azkenik, beste bat gabon inguruan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide