Ezker Abertzaleak Arabako Biltzar Nagusietan duen taldeak atzo prentsa-ohar baten bidez jakinarazi zuen eurek aurkeztutako ekimena, Bilbo eta Urduña batzen dituen A-625 errepidean segurtasun-neurri gehiago hartze aldera, baztertua izan dela.
EAJk aurkako botoa eman du, eta bere jarrera arrazoitu egin du. Alde horretatik, EAJko ordezkari José Luis Letonak adierazi du neurri nahiko hartu dela dagoeneko, 70 kilometro orduko abiadura-muga ezarriz eta radarrak martxan ipinita, zein bide-bazterren garbiketa hobetuz, txirrindularien segurtasuna hobetzearren.
Ezker abertzaleko taldearen esanetan, “agerian geratu da aipatu errepidea puntu beltzez josita dagoela. Horren adibide asko bizi izan dira bertan eta tamalez istripu kopuru handiengatik egin izan da famatu.”. Horren harira, gogora ekarri gura izan dute aurreko barikuan Amurrion izandako ezbeharra, non hildako bi izan ziren. Adierazi dutenez, “eskualdean dagoen kezkaren jakitun, ekimen berriak aurkeztuko dituzte” eta bitan banatzea exijituko dutela, “Arabako Errepideen Plan Integralak jaso bezala”.
PP eta PSE, euren aldetik, ezezkoa eman diote mozioari, ezezko botoa ematen diotelako ezker abertzaleko biltzarkideek aurkeztutako edozein moziori.