Aiarako herri eder honek Santa Kurutzeko jaiak ospatu berri ditu. Aiara Dantza Taldea bere 25. urteurrena ospatzen dabil, Aiarako herri guztiei bisita eginez.
Aiara Dantza Taldeak hilabete batzuk daramatza bere 25. urteurrena ospatzen. Hori dela eta, hainbat emanaldi berezi eskaini ditu –tartean Aberri Egunean Buenos Airesen eman zuena-, eta bira egiten dabil Aiara osatzen duten 24 herrietatik. Zapatu honetan Erbiren txanda izan da, eta bisita hori aitzakia harturik, Aiaraldea.com gure eskualdeko txokorik politenetako batean dagoen herri horretako jaietara joan da. Erbi Ibaizabalek zeharkatzen duen haran ederrean dago, Gorobelen azpian, gure eskualdearen mendebaldean. Duela gutxira arte inguru eder hau mehatxupean egon da, Eusko Jaurlaritzak urtegi handi bat egiteko asmoa azaldu zuelako. Egitasmoa baztertu egin dute, azkenik eta zorionez.
Erbin, Santa Kurutzeko jaiak ospatu izan dituzte betidanik, eta gaur egun antzinako garrantziarik ez daukaten arren, tradizioari eusteko ahalegina egiten dute eta egun batez behintzat herrikoak elkartu egiten dira, elizan meza ospatzeko eta ondoren otamen bat egiteko. Oraingoan, esan bezala, Aiara Dantza Taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera ere izan dute. Batzuentzat, gainera, ustekabea izan da dantzarien bisita eta pozarren hartu dute euskal dantzen erakustaldia.
Eliza ondoko txokoan egindako otorduaren ostean, Luis Campo erbiarrarekin berba egiteko aukera izan genuen; Luis, bere zortzi neba-arrebak lez, herriko elizatik hur dagoen Erbiturria baserrian jaioa da eta inork baino hobeto gordetzen du lehengo Erbiren eta bizimodu eta ohituren oroimena. Esan zigunez, bera gazte zela, Erbiko jaiek asteburu osoa irauten zuten eta inguruko herrietatik jende asko joaten zen, senide eta ezagunen etxeetan ostatu hartuta. Bazkari ederrak egiten zituzten, herriko gazteek eske-erronda egiten zuten Erbiko baserrietatik, eta iluntzean dantzaldia. Baina, jakina, garaiak aldatu ziren, bizimodua aldatu zen, eta Erbi ia hutsik geratu. Luisen arabera, 30 urte luze izango dira dagoeneko Santa Kurutze jaietan dantzaldia egiteari utzi ziotenetik. Ordutik hona egun bateko ospakizuna falta barik egiten ahalegintzen dira erbiarrak, mezarekin eta udalak ematen dien diru apurrari esker egindako otamen batekin, Erbi oraindik bizirik dagoela -eta egongo dela- erakutsiz.