Gaur jokatu da Arespalditzan Jesus Isasiren oroimenezko San Prudentzio Saria. Viña Ijalba talde errioxarreko Javier Otxoa gaztea gailendu da 29 txirrindulariren artean.
Gaur goizean, eta Aiarako jaien egitarauaren barruan, txirrindularitza izan da nagusi Arespalditzan. Jesus Isasiren oroimenez jokatzen den kadete mailako San Prudentzio txirrindularitza-lasterketak 29 parte-hartzaile izan ditu -parte-hartzea beste urte batzuetan baino apalagoa izan da- eta horien artean Javier Ochoa Viña Ijalba taldeko gazte errioxarra nagusitu da.
Ibilbideak 48 kilometro izan ditu eta txirindulariek 6 bira eman diote 8 kilometroko zirkuitu bati. Ochoaren ostean Yerai Ruiz Aranako taldeko txirrindularia izan da bigarren sailkatua, eta hirugarrena Aguraingo Arabarrak taldeko Xabi Vegas. Bertoko txirrindularirik onenaren saria Luyando-Ganzedo taldeko Galder Zurimendi gazte aiararrak hartu du. Taldeen sailkapenari dagokionez, Aguraingo "Arabarrak" taldearentzat izan da.