Lehiaketa gazteei zuzenduta dago eta beroketa globala eta klima aldaketa izango du gai. Maiatzaren 31era arte zabalik dago lanak aurkezteko epea.
Aurten hirugarren urtez, Artziniegako Udal Liburutegiak ilustrazio-lehiaketa antolatu du. Edizio honetarako “Lurra Zaindu” leloa aukeratu dute eta, izenak dioen legez, munduak dituen arazo ekologikoez kontzientziatzeko asmoa dauka. Gazteek, beraz, klima aldaketa edota beroketa globalarekin zerikusia duten marrazkiak aurkeztu behar dituzte.
Lanak, jakina, originalak izan behar dira eta DIN A4 neurriko paperean aurkeztuko dira. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta adinaren araberako hiru kategoria egongo dira: 4-8 urte bitarteko umeentzat, 9-12 urte bitartekoentzat, eta 13 urtetik gorako gaztetxoentzat.
Marrazkiak gutun-azal batean aurkeztuko dira eta kanpoaldean “Ilustrazio lehiaketa” eta dagokion kategoria baino ez da idatziko. Beste gutun-azal batean egilearen izen-deiturak, adina eta telefonoa azaltzen duen orri bat sartuko da.
Aurkezteko epea maiatzaren 3tik 31ra arte izango da Artziniegako liburutegian. Irabazleen izen-deiturak ekainaren 4an erakutsiko dira liburutegian bertan.