Enkarterriko tren turistikoak aurrerantzean gure eskualdea ere bisitatuko du, Balmasedatik abiatuko diren autobusen bitartez. Zerbitzua maiatzean, ekainean, abuztuan eta irailean eskainiko da.
Martxoan FEVEk iragarri zuen Enkarterriko tren turistikoa Aiaraldera ere helduko zela aurten, Artziniegako Udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker. Asteburu honetan bertan, hain zuzen ere, hasi da zerbitzu hori martxan. Trenak, "Historiaren Trena" izenekoak, Bilboko La Concordia geltokitik abiatuta, egun osoko txangoa egiteko aukera eskaintzen du, geltokietatik hur dauden leku interesgarriak bisitatuz. Enkarterriko hau, zehazki, Gueñeseko Arenatza parkea, Galdameseko Loitzaga dorretxea eta Otxarango upeltegiak bisitatu ostean, Balmasedaraino heltzen da eta, Erdi Aroko hiri hori eta La Encartada museoa bisitatzeaz gainera, arratsaldez Artziniegara ere heltzen da autobusez, Arteko Santutegia, museo etnografikoa eta alde zaharra ezagutzeko. Kexaako monumentu-multzoa ere ikusteko aukera dago.
Trena maiatzeko, ekaineko, abuztuko eta iraileko zapatu guztietan ibiliko da; goizez 9:20ean abiatzen da Bilbotik eta 20:15ean Balmasedatik itzultzen da Bilbora. Egun osoko txangoak 54 euro balio du, bazkaria barne, eta prezio erdia 14 urtetik beherako umeentzat. Interesa duenak 902 555 902 telefonora deitu dezake sarrerak erosteko.