Urte osoan zehar Kexaako bost artelan Gasteizko Elizbarrutiko Arte Museoan ikusi ahal izango dira. Eztabaida bizia gertatu da azken hilabeteotan, artelanak Kexaatik ateratzeko erabakia dela-eta. Aste Santu aurretik ikusgai dago Gasteizko katedral berrian dagoen Elizbarrutiko Museoan “Kexaako Altxorra” izeneko erakusketa.
Bertan, Kexaako monumentu-multzoko bost artelan garrantzitsu biltzen dira: Kristoren Pasioaren triptikoa, Adatsaren Ama Birjinaren erlikia-ontzia, XIV. mendeko kopoi veneziarra, San Joan Bataiatzailearen egurrezko irudia eta Kristo Gurutziltzatua. Denak XIV. mendekoak dira eta balio artistiko itzela daukate, garai hartako Europako urregintza eta pintura lantegirik onenek egindakoak dira eta. Artelan-multzo hau Ayalatarrek beren leinuaren oinetxean utzitako ondarearen erakusgarri da, izan ere, Fernan Perez de Ayala edo bere seme zen Ayala Kantzilerrak ondare oparoa utzi zuten: erretaulak, hilobiak, zilargintza lanak, jantziak eta liburuak Frantzia, Italia eta Alemaniako arte leku garrantzitsuetatik ekarri zituzten.
Artelan hauek Gasteizen erakusteko erabakiak ika-mika piztu du azkenaldian. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak baimen berezia eskatu behar izan dio Jaurlaritzari, berez pieza hauek Kexaako monumentu-multzoaren parte direlako eta ezin direlako mugitu. Aldundiaren ustetan, aldiz, gaur egun Kexaan mojarik ez egoteak ez du ziurtatzen artelanon segurtasuna, eta behin behinean Gasteizera eroatea egokitzat jo du, bide batez jendaurrean erakusteko aprobetxatuz. Alderdi Popularra erabaki horren kontra agertu da eta Batzar Nagusietan mozioa aurkeztu zuen horren harira, artelanak Kexaara itzultzeko eskatuz, lau hilabeteko apean eta segurtasun-neurriak bermatuz. Erakusketa zabalik dago astegunetan goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30etara, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.