larunbateko irekiera-ekitaldiak hasiera eman zion aiaraldea.com atari berriaren ibilbideari. Jende ugari bildu zen Amurrioko Juan de Urrutia plazan eskualdeko euskarazko komunikabide berriari ongi etorria emateko.
Azkenean heldu zen gure leihoa zabaltzeko eta Aiaraldeko herritarrei erakusteko unea. Horretarako, atzokoan Amurrioko plazan jarritako gune batean ekitaldi arrakastatsua egin genuen, eta jende asko hurbildu zen. Bertan gure komunikazio leihoaren zergatiak, asmoak, edukiak eta berezitasunak aurkeztu genituen eta jendeari ataria bertatik bertara ezagutzeko aukera eman genion. Sokaide folk taldeak musika-giroa eman zion aurkezpenari, eta hurreratu zirenek beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera ere izan zuten: umeentzako jolasez, irrati-emanaldiaz, jan-edatekoaz, bideoez, zibergelaz... eguerdi borobila gure bidea gogotsu hasteko.
Egitasmoa azaltzen duen egunkaritxo bat ere banatu genuen amurriora bertaratutakoen artean; formato digitalean ikusterik ere baduzue hemen klik eginez, nahi beste zabal dezazuen.
Orain Aiaraldearen bidez zeuok ere leihoa bat zabaldu dezakezue eskualdeko egunerokotasunari begiratu bat botatzeko eta kultura, politika edota kirolari adi egoteko.
Eskerrik asko denoi eta, badakizue, hemendik aurrera sarean izango gaituzue eskura, leihoaren bi aldeetan espero zaitugu.