AEMEk Hiriko merkataritza suspertzea izango du helburu. Jadanik irudia eta estatutuak onartu dituzte, eta laster hasiko da lanean.
Badira urte batzuk Artziniegan merkatarien elkarterik ez dagoela, eta azken urteotan igarri egin da merkataritza apur bat gainbeheran joan dela –edo garatu ez dela, behintzat-, batez ere alde zaharrean. Egoera horri aurre egiteko, eta Artziniegak arlo horretan dituen indarguneak sustatu guran, hiriko merkatari eta ostalari batzuk AEME sortu dute (Artziniegako Enpresa eta Merkataritza Elkartea).
Elkartearen asmoa eta helburua Artziniegako merkataritza-jarduera biziberritzea da, gaurko egoera zail honetan sektore hau suspertzearen eragilea izan dadin. Bestelako jarduera batzuk ere bultzatzen lagunduko du (sentsibilizazio kanpainak, inbertsioak…), bai eta Aiaraldeko beste merkatarien elkarteekiko elkarlana eta turismoari begira ekimen batzuk.
Martxoaren amaieran irudia eta logoa aukeratu zuten eta zuzendaritza batzordeko kideak aukeratu zituzten. AEMEko buru Eduardo Villanueva izango da.