Eguraldi hotz baina sikua lagun, domekan 500 lagun inguruk hartu zuten parte Artziniega Mendi Ibilaldiaren lehenengo edizioan. Gehienak pozik agertu ziren ibilbidearekin eta antolakuntzarekin. Datozen urteetan ekitaldiari eusteko prest agertu dira antolatzaileak, izandako arrakasta ikusita. Aiaraldea.com bertan egon zen.
Aurreikuspenik onenak labur geratu ziren domekan I. Artziniega Mendi Ibilaldian. Eguraldi-iragarpenak aurreko astean zehar oso onak izan ez ziren arren, azkenean elurrak gauera arte itxaron zuen eta goiz hotz baina lehor eta nahiko argitsua izan zuten. Goiz goizetik jende asko hurbildu zen frontoi ingurura izena emateko, eta ibilaldia hasteko ordua heldu zenean 400 lagun inguru zeuden ibilaldi luzeari ekiteko prest (24 km). Ibilaldi laburra egiteko beste ehun bat apuntatu ziren eta 10:30etan atera ziren 14 kilometroak egiteko prest. Beraz, guztira 500 bat lagun hartu zuten parte ibilaldian.
Ibilaldi hau Ganzorrotz Mendizale Taldeak antolatu du hiriko beste elkarte eta talde batzuekin elkarlanean, helburu bikoitz batekin: alde batetik, Artziniegako inguruak ezagutzera ematea, kanpora zein barrura begira, eta bestetik, Artziniegako txoko eta bideen zabaltzaile eta ezagutzailerik handiena izan zen Jose Manuel Yarritu “Yarri“ri omenaldia egitea. Izan ere, Yarrituk egindako lana izan da prestatutako ibilbidearen oinarria. Martxa amaitu zenean, antolatzaileek Yarriren oroimenezko ekitaldi bat egin zuten eta bere alabei eta gainontzeko senideei oroigarri bat eman zieten.
Atzo bertan, antolatzaileek arrakastatzat jo zuten Artziniega Ibilaldiaren lehenengo edizio hau, eta mendizale gehienak ere pozik agertu ziren, bai ibilbidearen aldetik, baita antolakuntza aldetik ere, eta agertu dute datozen urteetan ekitaldiari eusteko asmoa; hala esan zieten martxa amaitzean antolatzaileei eta interneteko foroetan ere zoriontzeko mezuak dira nagusi.