Hilabete honetatik aurrera, artziniegarrek Zallako osasun-etxera eta Gurutzetako ospitalera joan ahal izango dute. Honela, aspaldiko aldarrikapen bat egia bihurtzen da eta bizilagunek erraztasun handiagoa izango dute osasun-zerbitzuak erabiltzeko orduan. Hilabete honetan bertan aldaketa gauzatuko da.
Urte batzuk badira Artziniegan osasun-zerbitzuen kokapena eztabaida iturri bihurtu zela. Izan ere, Osakidetzaren eskualdekako banaketarekin, eskualde osoari lez, Artziniegari Laudioko osasun-zentroa eta Galdakaoko ospitalea egokitu zitzaizkion. Gainera, Laudion eskaintzen ez diren espezialitate batzuetarako Basaurira joan beharra zegoen. 2007. urtera arte zerbitzua egokia zen, Gurutzetara eta Bilbora joateko aukera zegoen, batere arazo barik, baina ordutik aurrera kontua aldatu zen eta ez zen zerbitzurik eskaintzen lehengo lekuetan. Egoera hori ez zen batere ulergarria erabiltzailearen ikuspegitik, Aiaraldean ez dagoelako eskualde barruko garraio zerbitzurik, ezta Artziniegatik Galdakaora joateko modurik. Horrek artziniegarrak autoa derrigor hartzera behartzen zituen. Bilbo eta Enkarterrirekin, ostera, askoz lotura arinagoa eta zuzenagoa dago Bizkaibus eta FEVEren bitartez.
Horren aurrean, eta herritarren aspaldiko eskaera kontuan hartuta, Udalak tramiteak hasi zituen Osakidetzarekin eskualde-aldaketa lortzeko, eta ematen du dagoeneko, oraingo hilabetetik aurrera, azkenik artziniegarrok aukera izango dugula Gurutzetako ospitalea eta Zallako osasun-etxea erabiltzeko.