Xynthia izeneko “ziklogenesi leherkorrak” aurretik eraman zituen teilatuak, zuhaitzak eta bidean topatu zuen guztia. Udalak bulego bat zabalduko du kaltetuei arreta emateko eta saiatuko da udalerriarentzat hondamendi-gunea aitorpena lortzen.
Larunbat arratsaldean eszeptizismoa zen nagusi “Xynthia” izeneko “ziklogenesi esplosiboaren” etorrera zela-eta piztutako alarma gorrien aurrean. Gaua heldu zenean eszeptizismoa beldur eta harridura bihurtu zen, ikusita zelako indarrez eta bortizkeriaz jo zuen Artziniega. Arratsaldez haizea gogor baina ohikoak izan baziren, 21:00etatik aurrera haizetea sartu eta 150 km. orduko ufadak egon zirela uste da. Haize-ufada horiek aurretik eroan zuten bidean topatu zuten guztia: teilatuak, zuhaitzak, seinaleak eta abar.
Kalte ugari
Zorionez ez da kalte pertsonalik egon, eta izan gaitza da sinesten ikusita domeka goizean Artziniegak erakusten zuen egoera ikusirik. Bost etxebizitzatan haizeteak teilatua erauzi egin zuen, eta hainbat eta hainbatetan teilatuak kaltetuta zeuden. Udaletxeak berak fatxadaren kontra jo zuen zuhaitz-zati handi baten golpea jasan zuen. Goiko Plazan egoera negargarria zen, dozenaka auto kalte handiak zituzten jausitako teilatu eta teilen eraginez; teila horiek eragina agerikoak ziren lehengo udaletxeko eraikinean, non teilak leihoetatik sartu ziren. Kiroldegian ere kalteak izan ziren estalki eta leihoetan, eta errekako ibarrean haizeak dena birrindu zuen, 20 metro luzeko zuhaitzak zuztarretik ateraz eta Lazapoza izeneko inguruan dauden negutegiak suntsituz. Industrialdean ere, Tubacex enpresan, mendebaldeko aldeko hormako zati batzuk eroan zituen haizeak. Kalteek, seguru aski, mila eurotakoak izango dira. Egoera ikusita, udalak iragarri du kaltetutako herritarrei arreta emateko bulego bat zabalduko duela, Xynthiak eragindako kalteen balorazio fidagarri bat egiteko eta, horrela, hondamendi-gunea izendapena eskatu ahal izateko. Horrek asko lagunduko luke berreraikuntza abiatzeko eta hondamendi honek herritar eta komunitateei sortutako gastuei aurre egiteko.
Zer da eta zergatik eragin dio hainbeste “ziklogenesi esplosiboak” Artziniega eta Aiaraldeari?
Fenomeno meteorologiko hau ahorik aho ibili da azkenaldian –batez ere iaz Klaus izenekoa gertatu zenetik-, eta bere jatorria tropiko inguruko itsasoetan dago. Bertan sortutako zikloi batek iparreko norabidea hartu zuen, Atlantikotik Europa parera heldu arte; bertan, ur hotzekin topo egitean depresiogune hori “berrelikatu” egiten da, hau da, bat-batean sakonago bihurtzen da emodu "esplosiboan" edo oso bat-batekoan: presioa erdigunean ziztu bizian jaisten da, eta, ondorioz, sortutako hutsune hori "betetzeko" haizeak arinago egiten du bira, zurrunbiloa sortuz. Hori dela eta, zurrunbilo hori borraska normal bat baino azkarrago mugitzen da. Mugimendu hori hartuta, Galiza eta Portugal artetik sartu zen Penintsulara, gero Kantauri itsasotik berriz uretara ateratzeko. Orduan eragin zion Euskal Herriko mendebaldeari eta bereziki Artziniega eta Aiaraldeari. Zentzu horretan, harrigarri gertatzen da “ziklogenesi esplosiboak” Artziniegan izan zuen indarra, baita hurreko leku batzuen aldean.
Azalpena seguru aski orografiak sortutako tokiko efektu bat da; izan ere, Gorobeletik behera etorritako haizeteak (Urduñako mendatean 228 km orduko ufadak neurtu ziren, eta Saratxon 118 km ordukoak 20:10eta, gero apurtu egin zen eta) behera egitean, hego-mendebaldetik ipar-ekialdera luzatzen diren gure haranetan sartu egiten dira, eta bertan indartzen dira, kanalizatu egiten dira. Efektu hori oso nabaria eta agerikoa izan da Artziniegan, non ikusi den argi eta garbi urtegitik aurrera haizea trokan sartu dela, eta aurretik zegoena eroan duela, adibidez presako bidean. “Kanalizazio” horretatik atera denean aurrez aurre topatu du herrigunea, eta bereziki Hormatza eta Axpe auzoak, oso kaltetuta gertatu direnak. Ezin da segurtasunez baieztatu, baina kalteak ikusita, haize-ufadak 150 km. ordukoak baino gehiagokoak izan zirela uste da.