Artziniegako mendi taldeak irteera antolatu du Urte Zahar Egunean Peñalbara. Tontorrean hamaiketakoa egingo da 2016 agurtzeko.
Azken urteotan bezala, mendi-txango batekin agurtuko dute Artziniegan urte zaharra. Peñalba mendira izango da eta bazkide zein herritar guztiak gonbidatuta daude goian egingo den hamaiketakora. Xanpaina eta jatekoa ez da faltako.
Bi ordutegi ezarri dira, tontorrean mendizale guztiak bateratsu heldu daitezen eta talde-argazki erraldoia ateratzeko: astiroago doazenentzat 10:00etan jarri da hitzordua, eta arinagoentzat 11:00etan. Abiapuntua herriko frontoia izango da eta ibilbidea gutxi gorabehera 3 km-koa izango da tontorreraino. Eguraldi ona espero da eta ondorioz ez da arazorik egongo hamaiketakoa lasai egiteko.
Txango gehiago
Eskualdeko hainbat mendi taldek ere irteerak antolatu dituzte urteari agur esateko, kasu batzuetan bakarrik bazkideentzat. Adibidez, Ganekogorta taldea Okondotik abiatuko da bihar 09:00etan Malkuartuko bidegurutzetik eta 09:30ean Landetan elkartuko dira. Txarlazo mendi taldea Gorobelera igoko da eta horretarako 09:00etan batuko dira mendizaleak Foru plazan.