Karpy taldea 1967tik 1972ra bitartean aritu zen maila profesionalean eta gainerako kategorietan, eta Espainiako Vueltan parte hartu zuen hainbat urtetan, esaterako. Hain zuzen ere talde horretan ibilitako txirrindulari ohiak bildu ziren jendez lepo zegoen Artziniega Museoko hitzaldi-aretoan -Alfredo Cerrillo gidari dela- garai hartako bizipenak, pasadizoak eta bitxikeriak gogora ekartzeko.
Iñaki Ibeas, Juan Ángel Otaola eta Javier San José Karpy taldeko ziklista ohiak izan ziren bildutakoak, bai eta Jose Mari Basualdo eta Iñaki Isasi txirrindulari profesional ohiak. Iñaki, izan ere, Jesus Isasi Karpy taldeko izarretako baten semea da. Bakoitzak maila eta urte ezberdinetan izandako esperientziak kontatu zituen, batzuek kadete edo gazteen mailan bizitakoak, eta beste batzuek, Basualdok adibidez, garai hartako tropeleko onenekin bizi izandakoak. Agerian geratu zen, kontakizunak entzunda, zelan aldatu den txirrindularitzaren mundua, batez ere baliabideei, prestakuntzari eta elikadurari dagokionez.