Azken hilabeteotan, euskararen egoeraz izan ditugun eta baditugun uste asko iraultzera etorri dira Iñaki Iurrebaso soziologoak egindako ikerketak. Kasurako, urte luzez uste izan dugu euskararen indargunea ezagutza zela, hau da, jende askok —gero eta gehiagok— dakiela euskaraz, eta hain zuzen ere erabileran dugula gabezia, hobetu beharrekoa. Horren arabera, erronka da euskaraz dakiten milaka lagun horiek euskaraz aktibatzea. Iurrebasoren tesiak, ostera, hori ezbaian jartzen du, eta gaitasuna jomugan ipini. Bere ondorioak argiak dira: ezagutzak gora egin ahala hiztunon profila aldatu da eta euskaraz gaitasun osoa daukatenak edota inguru euskaldunean bizi direnak euskaldun guztien portzentaje txikia direla. Hortaz, euskara tokatuko litzaiokeena baino gehiago erabiltzen da. Alegia, badago jende asko euskaraz guztiz eroso ibili ez arren euskaraz egiten duena. Kasu bakana da minorizatutako hizkuntzen artean. Hiztunon atxikimenduan eta transmisioan du euskarak indarra eta horren erakusle da belaunaldi berriak direla euskaldunenak.
Badira, ordea, kezkatzeko motibo ugari. Frankismoan azkartutako gainbehera larriaren ostean 60. hamarkadan euskaldungoak berreskuratze-fasea abiatu zuen, baina hori azken urteotan moteldu da eta ahultze-fase batera goazelako zantzu asko daude (batez ere “arnasgune” esaten zaien inguru geografikoetan, hau da, euskara nagusi den lurraldean). Aldaketa handiak bizi izan ditugu eta faktore asko daude horren azpian: ikus-entzuneko kultura kontsumitzeko eta harremanak izateko moduak errotik aldatu dira, barruko populazio-mugimenduek arnasguneak ahuldu dituzte, euskaldunok seme-alaba oso gutxi izaten ditugu, migrazio-fluxuak sano handitu eta handituko dira, nortasun nazionalari lotutako motibazioa apaldu da eta, ondorioz, euskaldunen sozializazioak “deseuskaldundu” egiten du. Ondorioa izaten ari da euskarak trinkotasuna galtzea, indar demografiko eskasa izatea, hiztunen profila eta gaitasuna aldatzea, bai eta kalitatea kaskartzea eta erdarak euskarazko elkarrizketak guztiz bustitzea. Hori guztia “Esnatu ala hil” liburuan ezin hobeto jaso eta atondu berri dute Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak.
Gure periferia honetatik harridura puntu bat sor dezake diagnostiko honek. Izan ere, egoera ia erabat erdaldundutik abiatuta, ezagutzan (eta etxeko erabileran, neurri apalagoan) aurrerabide handia egin baita Aiaraldean. Dagoeneko, biztanleen %40k daki euskaraz —gehienok gaztelania baino okerrago, hori bai—, eta etxeko erabilera %10etik gora dago erdal nagusitasuneko herrietan. Irabazia gertatu da gune erdaldunetan eta galera euskaldunetan. Azkenaldian, dena dela, gurean ere ahultze-sintomez ere ohartarazi du eskola-komunitateak, besteak beste. Dena dela, “gure” irabaziak ezin du inola ere konpentsatu hizkuntzaren gune trinkoetan izaten ari den odolustea. 2036rako proiekzio demolinguistikoak oso ezkorrak dira, gainera.
Joera eta fenomeno horien aurrean Iurrebasok eta Goikoetxeak argi planteatzen dute olatu berri bat altxatu behar dela, eta arnasguneak salbatzeko politika eta estrategia berrien beharra jartzen dute mahai gainean; edozein hizkuntzak behar duelako, azken batean, nagusi den eremu geografiko trinko bat eta hizkuntza horretan erraz(ago) aritzen diren hiztunak. Horren premian gaude, hain zuzen ere. Baina ez hori bakarrik, erdara nagusi den inguru hauetarako ere argi esaten dute nondik jo: euskara lehentasunen artean ezarri, euskaldunak elkarrengana hurbildu eta trinkotu, euskaraz egiteko “gune seguruak” sortu, edota ume eta gaztetxoen erdalduntze goiztiarrari aurre egin, aisialdian eraginez. Horretan ari da jende asko gurean dagoeneko, eskuzabaltasunez eta Ilusioz. Iruditzen zait horretan sakondu behar dela, non gauden ondo jakinda eta egoeraz jakitun, nor bere esparru eta ahaleginetik. Ez da erronka makala.