Osasun-arretaren faltak berriz ere gogor kolpatu du Laudion. Urtarrilean gizon bat hil zen, Laudion bertan, Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez zegoela bihotzeko batek jota. Oraingoan, beste gizon bat hil da bihotz-gelditze baten ondorioz, 20 minutuz anbulantzia espezializatu bat iritsi arte itxaron behar izan duelako, Laudioko ZIU mugikorrak ez baitzuen medikurik. Hori gutxi balitz, 24 izango dira Amurrion eta Laudion beteko ez diren mediku txandak abuztu eta iraila bitartean Etengabeko Arreta Guneetan. Egunetako batzuetan, gainera, bi herrietan egongo da gabezia, beste behin, bizitzak arriskuan jarriz.
Zerbitzu hauen falta gure eskualdeko eguneroko ogia bihurtu da. Dena den, ezin dugu egoera hau Aiaraldeara soilik mugatu. Mediku falta eta osasun-arreta eza auzi orokortua bilakatzen ari da esparru askotan: lehen arretan, ospitaleetan, anbulantzietan eta larrialdi zerbitzu ezberdinetan, besteak beste. Gainera, Laudion gertatutako kasuak ohikoak eta etengabekoak dira beste leku askotan, oihartzuna gertakari larrienek soilik hartzen duten arren. Beraz, argi antzeman daiteke osasun-zerbitzuen gainbehera nabarmena pairatzen ari garela, eta gainera, egoera ez da Osakidetzara mugatzen bakarrik, Europa mailan ere osasun-zerbitzuen kolapsoa jasaten ari dira.
Kapitalismoa krisi estruktural sakon batean aurkitzen da eta saihestezinak diren kontraesanak agerian ari dira geratzen. Hots, osasun sistemaren kolapsoa krisi kapitalistaren testuinguruan gertatzen ari den prozesu orokor gisa ulertzea beharrezkoa da. Izan ere, osasun sistemak, kapitalismoan, ezintasun estrukturala du gizartearen osasun arreta bermatzeko, osasun-zerbitzuak eraginkortasun ekonomikoaren logikaren arabera antolatuta daudelako. Krisi ekonomiko bete-betean, oligarkiak finantzazio iturria itxi die estatuei, osasun zerbitzu publikoen desegitea eraginez. Horren ondorio zuzena da gaur egun dugun egoera: pribatizazioa, zerbitzuen externalizazioa, itxaron-zerrendak, lehen-arretaren kolapsoa, kalitatearen okerragotzea, osasun-langile falta eta sektoreko lan-baldintzen okerragotzea.
Lehen esan dudanez, krisi kapitalistak agerian utzi du estatuek osasun-sistema publikoak finantzatzeko duten ezintasuna, osasun-sistema unibertsal baten finantzaketak ez baitio oligarkiaren interes ekonomikoei erantzuten. Dena den, ohiko modura, inork ez ditu interes ekonomiko horiek zalantzan jartzen, ezta osasunarekin negozioa egiten duten gutxi batzuen aberastasuna ahalbidetzen duen sistema ere. Zerbitzu publikoak desegiten doazen heinean, pribatuen atzean dauden bankuek, enpresaburuek eta politikariek dirua irabazten jarraitzen dute.
Osasungintzaren arazoa, beraz, ezin daiteke kudeaketaren planora mugatu, kudeatzaile aldaketa osasun-sistema logika kapitalista beraren pean mantentzea dakarrelako. Hortaz, arazoaren erroa konpontzen ez duen erantzun orok iraunaraziko du egungo sistemaren egoera. Arazo honi aurre egin nahi badiogu, osasun-baliabide guztien sozializazioa aldarrikatu behar dugu. Izan ere, gizarte-ongizatean, eta ez irabazietan, oinarritutako osasun-sistema antolatu ahal izateko, baliabideen unibertsalizazioa beharrazko premisa bat da. Hori ez da posible izango botere politiko independentea artikulatzen ez bada, ezinbesteko baldintza baita osasun-prozesua eraginkortasunez kontrolatzeko. Bitartean, gure eginbeharra da osasun sistema publikoaren desmantelamenduaren espresio desberdinen aurrean antolatu eta borrokatzen jarraitzea, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den osasun sistema baten alde.
Azkenik, langileon bizitzak arriskuan jartzen ari diren honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Laudion gertatutakoa zein osasun sistema publikoaren desmantelamenduaren ondorio diren beste hainbat arazoen aurrean antolatzea eta mobilizatzea, gure bizi baldintzen defentsan, eta osasun sistema unibertsal, doako eta kalitatezko baten alde.