Guardian Glass-eko langile gehienak kale gorrian gelditu dira enpresak urtarrilean abiatutako itxiera prozesuaren ostean. 171 langiletik bakarrik 14 beharginek mantentzen dute lan postua, baina beraien etorkizuna iluna da. Modu berean, Europako industria-eredua iluntasunetik gertu dago ere, eta Aiaraldean bizi dugun testuingurua Europako industriaren gainbeheraren eta krisi sakonaren adierazle nabarmena da. Izan ere, Europako hainbat industriaren itxierak jada milaka langile utzi ditu kalean, eta ez Euskal Herria ez gure eskualdea ez dira libratzen ari eragin horretatik. Lanposturik gabe edo hura galtzeko arriskuan dauden langileen zerrendak luzatzen jarraitzen du egunez egun.
Krisi kapitalistaren ondorioak areagotzen ari dira Europan, eta honekin, agerian geratzen ari da bertako industriaren lehiakortasun falta. Argi ikusten da Europako industria-eredua egiturazko krisian dagoela, eta berriz langile klasea izango dela horren ondorioak pairatuko dituena.
Egiturazko industria-krisi honen aurrean oligarkia europarra berregituratze ekonomiko berri bat zabaltzen ari da. Errentagarriak ez zaizkien sektoreak alboratzen ari dira horien deslokalizazioak eta itxierak sustatuz, eta horren aurrean estrategikoak diren sektore errentagarrietan inbertsio handiak egiten ari dira. Horren adibide nabarmena da energia berriztagarrien sektorea. Aiaraldean dagoeneko galdu dut aurrera eraman nahi duten makroproiektu kopuruaren kontua. Gainera, Lurralde Plan Sektoriala onartuta, errazago ezarriko dituzte makroproiektu berriak, eta horrek, lurraldearen suntsiketa eta bizi baldintzen galera nabarmena dakartza, enpresarien irabaziak handitzearekin batera.
Bestalde, Europar Batasuneko herrialde guztietan estatuen gaitasun militarrak areagotzeko planak bultzatzen ari dira. Aurreko astean, Pedro Sanchezek iragarri zuen Espainiar Estatuko aurrekontu militarra ia 10.500 milioi eurotan handituko duela, beste inposaketa guztiz antidemokratiko bat gauzatuz. Estrategia honekin oligarkia atlantistaren armagintza negozio pribatua finantziatu nahi dute; langile klasea murrizketekin eta zorpetze publikoarekin arpilatuz eta soldata-funtsak industria-gune militarraren irabazietara desbideratuz. Horrekin, beraien poltsikoak betetzen dituzten bitartean gerraren arriskua gora doa etengabe.
Bistan da oligarkia atlantistak krisi ekonomikoari eta lehiakortasun galerari aurre egiteko ofentsiba bikoitza abiarazi duela. Alde batetik, barne-mailan, langile-klasearen soldaten aurkako erasoaldia ematen ari da, irabazi kapitalistak handitzeko nahiarekin. Bestalde, kanpo-mailan, izaera inperialista duen erasoaldia burutu nahi dute, gorabidean dauden potentziei merkatuen, baliabide estrategikoen eta abarren kontrola eztabaidatzeko.
Krisi honi aurre egiteko oligarkia europarrak martxan jarritako plan estrategiko honek alderdi politiko guztien kontsentsua dauka, bakoitzak bere argudioak erabilita baina funtsean estrategia berdina justifikatzen dutenak, zuzenean edo zeharka berrarmatzeari eutsiz. Guzti horien aurrean, kaleak hartzeko momentua heldu da. Gerra inperialistari eta langile klasearen pobretzeari aurre egingo dion erantzuna antolatzeko unea da. Horregatik, Maiatzaren Lehenean EHKStik pauso bat emango dugu norabide horretan Bilboko kaleak hartuz. Hemendik, 13:00ean Jesusen Bihotzetik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztet.
Europako estatuen militarizazioaren aurrean, kaleak hartu!
Euren krisia ordainarazten digutenei, egin diezaiegun aurre klase gisa!