IRITZIA

Egurre Maderas!

Erabiltzailearen aurpegia Xabier San Roman 2025eko azaroaren 18a

Maderas de Llodioko langileek bi hilabete daramatzate greba mugagabean bere lanpostuen defentsan tinko. Aiaraldean, ordea, egoera ez da berria: Tubacexen kaleratze saiakerak, Guardianen itxiera eta dozenaka familia kolpatu dituzten bestelako gertaerak. Azken urtean, gainera, Hego Euskal Herri osoan zabaldu da industriaren gainbehera, BSH eta Sunsundegiren itxierek edota Bridgestoneko kaleratze masiboek agerian utzi duten moduan.

Gauzak horrela, azken asteetan, langileek kaleratzeen kalte-ordainak kontu-korrontean jasotzen zituzten bitartean, Pradales lehendakariak bere bira industrialarekin jarraitu du. Besteak beste, ekoizpen militarrarekin lotura duten enpresak bisitatu ditu, hala nola Aernnova, kontratu esanguratsuak dituen konpainia, eskua luzatuz eta lortutako emaitzengatik zorionduz. Antzera jokatu berri du ITP Aeroren kasuan ere. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza berriak iragarri zituen CAFentzat edo Irizarrentzat, Israelekin lotura dutenak; SAPAk, bestalde, kontratu bat sinatu berri du nazioarteko gerra-industriarekin.

Enpresa horiek “euskal industriaren harrotasun” gisa aurkezten dira. Baina benetan erakusten dutena zera da: euskal burgesiak eta EAJk sustatu nahi dituzten industria motak zeintzuk diren, eta zein lurralde eta bizitza diren baztergarriak. Maderasen lanpostuak galtzen diren bitartean, gero eta diru publiko gehiago doa gerra-industriara; hor dago, hain zuzen, haien politikaren norabide erreala.

Enpresak ekoizpenaren zati bat deslokalizatu, kostuak murriztu eta langileak kaleratu ditu irabaziak handitzeko asmoz eta hau instituzioen babes politikoarekin egin du. Ez dago EAJko kide batek komunikabide honetan aldarrikatu zuen “elkarlanerako” aukerarik. Nola arituko gara, bada, zuekin batera elkarlanean, gure pobretzearen erantzule zareten heinean?

Aiaraldean, hamarkadetako desindustrializazioak, itxierek eta kaleratzeek erakutsi digute “berrasmatzeko” deia kontaketa atsegin bat baino ez dela, enpleguaren suntsiketa, industria-ehunaren hustuketa eta langile-klasearen pobretzea zuritzeko. Euren ereduak soldata baxuak, malgutasuna eta despolitizazioa bihurtu ditu biziraupenerako baldintza; eta horrela, gainbeheraren kudeaketa etengabearen menpe utzi gaituzte.

Baina ez gaude amore emateko prest. Egoera honen aurrean, zeregin politikoa hondamendi honen erantzule diren politikari eta enpresariak seinalatzea, eta haiei aurre egingo dien klase batasuna eraikitzea da. Ez dago etorkizun partekaturik gure miseria kudeatzen dutenekin, are gutxiago gerra aberasteko aukera gisa ikusten dutenekin. Harrotasuna, aldiz, eusten dutenei dagokie; antolatzen direnei eta kaleratze edo itxiera bakoitzaren aurrean borrokatzen dutenei. Industria-hondakinen artean, bada oraindik erresistentziarako grinik. Egin diezaiogun aurre, klase gisa, kaleratzeei, miseriari eta gerrari.

Egurre Maderas!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide