IRITZIA

Ez da nahikoa Macklemore

Erabiltzailearen aurpegia Xabier San Roman

EHKSk sanferminetan ateratako pankarta.

“Ez nituen Ed Sheeranen hamar kontzertu behar. Birekin nahikoa zen. Bi aukera 90 000 pertsonaren aurrean oso arriskutsuak bihurtu diren hitz horiek esateko: Free Palestine. Baina hitz horiek esatea eszenatokietatik kanporatuta egotea kostatzen bazait, elkarrizketen fokua Palestinan jartzen dudan bitartean, inoiz izan dudan birarik arrakastatsuena izango da”. 

Hauek izan ziren Macklemore-n hitzak Ed Sheeranen biratik kanporatua izan ondoren Palestinaren aldeko diskurtso bat zabaltzeagatik. “Gazako jendeak, Zisjordania okupatura arte, jakin dezala ez ditugula ahaztu”, esan zuen oholtza gainean. Tristeki, genozidioa denboran luzatu ahala egoera normalizatzeko eta Palestinaz eta Israelgo estatu terroristaz hitz egiteari uzteko arriskuan erori gaitezke, eta horrelako gertakariek gaia berriro mapan kokatzen laguntzen dute. 

Eta artistak aipatzen ari garela, Mateo Zikutaren “Ez da nahikoa” abestiaren ‘barrak’ etorri zaizkit gogora: “Ez da nahikoa fuck them all / ez da nahikoa Macklemore / ez da nahikoa kale bor / antolatu gabe ez gara inor”, zioen Gasteizko raplariak.

Aurten, urriaren 7an, hiru urte beteko dira palestinar erresistentziak ‘nahikoa da’ esan zuenetik. Mendebaldeko herrialdeetan, beraz, Palestinari eta haren erresistentziari babesa adieraztea dagokigu; eta baita jarrera hori defendatzen dugunon aurkako kriminalizazioari aurre egitea ere. Aurreko ikasturtean Palestinarekiko elkartasunaren eta Israel suntsitzearen aldeko borrokari eustea lortu genuen, eta mendebaldeko gobernu eta erakundeek genozidioan izandako konplizitatea nabarmendu genituen: Espainako Vueltako mobilizazioak, enpresa laguntzaileen seinalamendua, ontzidiko kideek jasandako erasoei emandako erantzuna, Euskal Herriko eta Palestinako selekzioaren arteko partidua, Israelgo kirol taldeen presentziaren aurkako salaketak, Oihu bat Palestinara musika jaialdia…

Hiru urte hauetan, ordea, argi ikusi da Israelen izaera kriminala. Eta guk ezin dugu borroka orain eten. Erresistentziak palestinarren egoera erdigunean jarri zuen 2023ko urriaren 7an, eta horri jarraika ordutik eta aurrerantzen ere Palestina erdigunean mantentzea dagokigu guri. 

Palestinarren askatasuna defendatzearen eta genozidioan, espantsionismoan eta apartheidean oinarritutako estatu terrorista desegitearen aldeko borrokan jarraitzea dagokigu. Behar-beharrezkoa delako genozidioaren eta inperialismoaren aurka antolatzea eta borrokatzea. Horretarako lehenengo hitzordu bat daukagu urriaren 3an Bilboko Jesusen Bihotzetik 17:30ean Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako mobilizazio nazionalean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide