Bi hilabete igaro dira hezkuntza zentroak itxita daudela koronabirusa dela eta. Nolakoa izan zen itxiera?
Uste dut, jende guztiari bezala, egoera honek jokoz kanpo harrapatu gintuela. Telebistan ikusten genuen Txinan osasun arazoren bat zegoela, baina telebistan ikusten dugunez beti uste dugu oso urrun gaudela. Gurera ez zela helduko pentsatzen genuen. Baina heldu zen.
Jendea ahal den moduan moldatu da, bai irakasleen aldetik eta bai ikasleen aldetik ere. Gure ikasleen artean behar bereziak dituzten ikasleak ere dauzkagu. Ikasle guztiek ez dauzkate telelana egiteko tramankulurik; irakasleok hala nola eduki badaukagu. Baina kontuan hartu behar da etxean ez zaudela bakarrik eta aparatua partekatu behar duzula. Denetarik gertatu da. Ikastetxean utzi ditugu Eskola 2.0ko portatil batzuk mailegu moduan familia batzuei, aparaturik ez zeukatelako. Familia gutxi batzuek ere ez zuten konexiorik etxean. Orduan, Eusko Jaurlaritza akordio batera heldu zen enpresa batekin internet txartelak prezio onean eskuratzeko.
Nola moldatu zara klaseak emateko?
Guk, zientzietako irakasleok, arazo larria daukagu, idazkera zientifikoa idatzi behar dugulako: formulak, zenbakiak eta abar. Ordenagailuetan ekuazioak idazteko editoreak oso txarrak dira eta ez dira bat ere erosoak. Institutuaren azken egunean arbela zuri bat hartu nuen, errotulatzaileak erabiltzeko arbela bat, eta nire etxera ekarri nuen.
Ikasleekin bideokonferentziak egiten nituen eta eskolak ematen nituen gelan egongo banintz bezala, arbelean idazten. Arazo bat egon zen, ikasle batzuk kexatzen baitziren batzuetan konexioaren kalitatea jaisten zelako, baita erresoluzioaren kalitatea ere. Irudia pixelaturik ikusten zutela zioten, eta orduan ez zuten arbelean idatzita zegoena ulertzen. Orduan erosi nituen zentimetro bateko puntako errotuladoreak. Egoera hobetu zen, baina batzuetan kexatzen ziren oraindik.
Azkenean, Aste Santuan aprobetxatu eta tableta digitalizatzaile bat erosi dut, "pen" batekin idazteko. Partekatzen dut nire pantaila ikasleekin eta arazorik gabe ikusten dute bertan idzten dudana. Uste dut matematika, fisika eta horrelako irakasgaietan, behar denean horrelako idazkera zientifikoa eta eskuz idaztea, ezinbestekoa dela horrelako tresnak edukitzea.
Nik batez ere bideokonferentziak egiten ditut. Fisika eta kimika ematen ditut batxilergo lehenengo mailan eta fisika batxilergo bigarren mailan. Gaitegia nahiko berria da bigarren mailan eta azalpen teorikoak behar dituzte arbelean ariketak egiteko. Selektibitatean horrelakoak topatuko dituzte eta behar dituzte. Nik horrela egiten dut.
Zer aholku emango zenieke konfinamendu egoera honetan ikasi behar duten ikasleei?
Batez ere uste dut barneratu behar dutela hau ez dela oporraldi bat eta lan egin behar dutela. Beste modu batean, guztiok egokitu behar garelako, baina lan egin behar dute. Eta batxilergo bigarren mailakoak ere, selektibitate froga daukatelako. Egia esan, aurten egitura bigundu dute; azterketaren maila aldatu dute daukagun egoera berezia dela eta. Hala ere, azterketa egin eta gainditu beharko dute. Eta ez batxilergo bigarren mailakoek bakarrik, ikasle guztiek ikasturtea amaitu behar dute. Eusko Jaurlaritzak nahi du DBH 4. mailakoek eta batxilergokoek amaitzea. Besteek ahal duten moduan amaituko dute, baina batez ere maila horietakoekin ea ekainerako fisikoki bueltatu ahal garen institutura, segurtasun neurriak mantenduta.
Ikusi beharko da nola egin ahalko dugun. Aholkua da eustea eta dena amaierarako ez uztea.