Ikasenpresa ITalent-ek (LHko Talentuaren Euskal Institutua) bultzatutako proiektua da, eta bere xedea ikasleek gelan enpresa txikia sortzea da, horretarako eman beharreko urratsak pixkanaka-pixkanaka eginez. Proiektu honek ekintzailetza lantzen laguntzen die ikasleei, aldi berean Enplegurako ibilbide pertsonala II izeneko ikasgaiko ikaskuntza emaitzak lantzen dituztelarik.
Guztira, erdi mailako Mantentze lan elektro-mekanikoak, Mekanizazioa, Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta eta goi mailako Mekatronika industriala eta Gizarteratzeko 91 ikaslek hartu dute parte, 25 proiektutan banatuta.
Proiektu hauek urtarrilaren 30ean, Amurrioko Juan Urrutia enparantzan, goizeko 10:00etatik 13:30ak arte egon ziren ikusgai, Zaraobeko ekintzailetza azoka deituriko ekitaldian.
Ikasleek haien enpresak erakusteko stand-a prestatu zuten, horretarako marketing arloko hainbat elementu gelan landu eta gero, hala nola, enpresako logotipoa diseinatu, enpresa zertan datzan ezagutzera ematen duen triptikoa ere diseinatu eta inprimatu, stand-a nola erakargarri egin, etab.
Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleek eta enparantzara hurbildu zen edozein Azoka bisitatzeko aukera izan zuten, baita stand-ean egon ziren ikasleekin mintzatzeko aukera ere; horrela, 2. mailako ikasleek haien produktua edota zerbitzua modu laburrean azaltzeko parada izan zuten, hain garrantzitsua den ahozko komunikazioa landuko dutelarik.
Datozen ikasturteetan ere Ekintzailetza azoka berriz ere martxan jarriko dugulakoan gaude, aipatutako Enplegurako ibilbide pertsonala II izeneko ikasgaia lantzeko modu hoberik ez baitzaigu bururatzen.