Ferosca I proiektu eolikoa jendaurrean jarri zen iragarki baten bidez 2024ko otsailaren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hainbat bizilagunek, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko zenbait sailek eta estatuko bestelako erakundek aurkeztutako alegazioen ondorioz, sustatzaileak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatu ditu.
Urtarrilaren 31ko EHAAn, Trantsizio Energetikoko sailburuordeak iragarkia argitaratu zuen, Ferosca I zentral Eolikoaren proiektu aldatua jendaurrera ateratzeko.
Dokumentu berriaren inpaktuari buruzko azterlanean, 2024ko martxoan egindako alegazioen eta kontsiderazioen laburpena jaso dute, bertan Laudioko eta Aiarako Udalen ekarpenak bilduta. Bi Udalek salatu dute zentral eolikoaren kokapena bateraezina dela udalerrietako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin.
Dokumentu berriak alegazioak aurkezteko epea du, eta amaitu egingo da martxoaren 14an. Dena den, agiriak ez du udal hirigintza bateragarritasunari buruzko txostenik eta ez du jasotzen lurraldearen antolamendurako tresnarik, hala nola Aiarako LZP, Nekazaritza eta Basogintzaren LAP, Ibaien LAP eta abar.
Halaber, ez ditu aintzat hartu adierazitako gutxieneko edukiei buruzko gomendioak ingurumen-inpaktuaren azterketan, ezta Lurraldearen Arloko Planaren hasierako plan estrategikoan. Azken hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun, Jasangarritasuna eta Ingurumenaren Sailak argitaratuta, 2021eko urrian.
Aiarako Eremu Funtzionalean administrazio-izapideak egiten ari dira Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren onarpena jasota, lau proiektu ezartzeko, eta Ferosca I zentral eolikoa horietako bat da. Gainerakoek ez dute ingurumen-inpaktuaren azterketarik. Horien artean daude Larragorri (Jesuri), Ferosca II eta Las Americas.