IRITZIA

Normaltasunaren memoria

Lehengo batean Aretako Kultura Etxera hurbildu ginen “Sexu aniztasuna herri txikietan: eta Aretan zer?” galderaren harira Hiruki Larroxa kooperatiba eskaintzen ari den hitzaldi-tailerrera. LGTBI+ kolektiboko Aretako familia garen aldetik, hausnarketa ausarta iruditu zitzaigun eta jakin-minez eta parte hartzeko gogoz hurbildu ginen.

Hasierako aurkezpen errondan, Aretan normaltasunez bizi garen gay familia bateko kide bezala aurkeztu nuen nire burua. Bat-bateko lehen erantzun hura buruan bueltaka izan dut geroztik, normaltasun pertzepzio hori biluztu nahirik.

"Latza da norberarengan homofobiak eragindako zauriei erreparatzea, memoria astintzeak normaltasunetik ateratzen zaitu"

Gaur, LGTBI+ kolektiboarekiko fobia salatzeko nazioarteko eguna ate joka dugula, galdera biziberritu zait gogoan, eta hausnarketa horrek memoriak eztitu dituen aspaldiko oroitzapenen irakurketa eguneratua egiteko atakan jarri nau.

Izan ere, txostenen bidez baino, homofobia, lesbofobia, bifobia, transfobia… zertan diren, askoren memorian gordetako bizipenen bidez azaldu beharreko gaitza dira. Galdera hori bera nire buruari luzatzean, aspaldiko orbainen azpian ezkutatuko mina biziberritu zait, nire normaltasun pertzepzioa hautsiz.

80ko hamarkadan, oraindik intsumisioa eta ordezko gizarte-zerbitzua soldadutza saihestu edo borrokatzeko bide ez zirenean, herritik alde egin eta isilpeko iheslari bilakatzea izan zen aukera bakarra bere burua kuartel militar batean ikusten ez zuen, laguna baino, nire lehen maitalerentzat. Geroztik ez dugu harremanik, eta lerro hauek orduko minaren aitortza ere beharko dute izan.

Urte batzuren bueltan, armairutik ateratzeko erabakian bidelagun aparta aurkitu nuen, urte askotako adiskidetasuna luzatu didan pertsona ahaztezin horietako bat. Zoritxarrez eta gordinki esanda, bere buruaz beste egitean eten zen gure arteko adiskidetasuna, lau urte baino ez dira igaro. Samindura, amorrua, haserrea… nola adierazi hurbil duzun horri behar duen buru osasun zaintza ezin bermatzeak sortzen dizun ezintasuna?

Ez pentsa, latza da norberarengan homofobiak eragindako zauriei erreparatzea, memoria astintzeak normaltasunetik ateratzen zaitu. Zorionez, energia horrek zarenaz harro sentiarazten zaitu. Harrotasuna ospatzeko Pride ereduak baliatzearen burugabekeria berriz, poesia eta narratiba berreskuratzeko ariketa honen ostean, beste egun baterako utzi beharko dut. Bitartean, sentipenak askatu! 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide