2018ko otsailaren 10ean, larunbata, bisita ordua Basauriko espetxean.
Lagunekin bisita.
-19:00ak aldera sartuko da
-Oso ondo, hementxe egongo naiz itxoiten, non bestela?
7ak pasatxo eta gu zure zain. Eta azkenean agertu zinen.
Zure txamarra urdina jantzita zeneukala, besarkada estu bat eta gero, poltsa hartu eta txabolora joan ginen.
Gure auzokideen laguntzaz ohea muntatu eta zure txokoa atontzen hasi zinen, kortxoan familia eta bikotearen argazkiak jartzen. Poltsatik egutegi bat atera zenuen. Egutegi ederra, lagunek egina, argazki ederrez osaturik. Eskegitzen lagundu nizun. Eta bere aurrean gelditu zinen begira, aurrean zenuen urteari begira.
-Egon lasai -esan nizun, gezurra esanez– lehenengo astea da txarrena, gero azkarrago pasatzen da.
-Zuk gutxienez badituzu 3 hilabete ezabaturik -erantzun zenidan.
Gero arratsaldea eta gaua pasatu genuen hizketan eta barrezka. Eta lo egin baino lehen, lehenengo egun hori ezabatu zenuen.
Aste honetan (azkenean!), azkenengo eguna ezabatuko duzu, eta oraingoan ere zurekin egongo naiz besarkada handi bat emateko, azkena nahiko garratza izan baitzen.
Ongi etorri inoiz aldendu behar zizuten herrira. Libre maite zaitugu Julen!