Aiarako Demola gazte kualifikatuak eskualdeko enpresetako berrikuntza-proiektuetara gerturatzeko egitasmo berri bat da. Aurkezpenean izango da Janne Eskola, Demolako managerra eta Tampereko bideratzailea.
Aiarako Demola unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako prestakuntza-zikloa amaitua duten edo azken urtea egiten ari diren gazteentzat pentsatua dago. 15 bat pertsonak parte hartuko dute egitasmoan, eta eskualdeko hiru enpresak proposatzen dizkieten proiektuak gauzatuko dituzte.
Demola sareak bide ematen die diziplina askoko gazte taldeei eta enpresei elkarrekin berrikuntza irekiko proiektuak sortzeko. Demola Finlandian eratu zen (“erakustokiak” esan nahi du), eta gaur egun 16 nodo ditu, tartean Demola Basque Country.
Aiarako Demolaren xedea da bideratzaile eskarmentudunen bitartez argi eta garbi zehaztutako prozedurak, prozesuak, funtzioak eta helburuak ematea gazteei, haiexek baitira proiektuaren erdigunea, eskualdeko enpresa edo elkarteek proposatzen dizkieten erronkei aurre egin diezaieten.
Elkarlanean sortutako proiektuak dira (partaideak-enpresa), eta kontzeptu berri bat, erakusketa bat edo prototipo bat ekarriko dute emaitza gisa. Enpresak, uste badu emaitza baliagarria dela, bereganatu egin ahal izango du, gehiago gara dadin.
Aurkezpen-saioan, Aiarako Demola zer den azalduko zaie gazteei eta enpresei. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Amurrio Bidean-ekin 945891721 telefono-zenbakira deituta edo empresa@amurriobidean.org helbidera idatzita.
Arabako Foru Aldundiak diruz laguntzen du Aiarako Demola, ekonomia eta industria aktibatzeko planak egiteko, eta Aiara Eskualdea aritzen da koordinazio-lanetan, Amurrio Bidean eskualdeko garapen-agentziarekin, Laudioko Garapen Agentziarekin eta Zabaia landa-garapenerako elkartearekin batera.