Amurrio Bidean elkarteak enpresako ingeles-ikastaroa antolatu du, hizkuntza praktikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Amurrio Bidean 2015ko mar. 3a, 13:18

“Do you speak English?” du izena ikastaroak. 28 ordukoa da, eta ReforAmurrio Enpresaldea enpresen hazitegian eta zentroan emango da, 13:30etik 15:00etara. Amurrio Bidean elkarteak jarduera berri bat proposatu du, tokiko enpresetako langileek LanIN Enplegu Estrategikoak ikerlanean gako gisa jasotako gaitasun profesionalak gara ditzaten, enpresek aurrera egin eta industria-sareak lehiakortasuna hobetze aldera. 2013. urtean gaitasun gakoak identifikatu ziren, eta 2014an, berriz, lidergoaren eta komunikazioaren gaitasuna indartu eta lanerako motibazioa landu da, Skills Txokoa gelan. Ekintza horietan tokiko 32 enpresatako 60 lagunek parte hartu dute. Orain ingelesa lantzeko garaia da, eta kontuan hartu behar dira enpresek ikerlan horretan zehaztu zituzten beharrizanak: “urteetan ikasitako ingelesa aktibatzea, hitz egiteko ohitura hartzeko”. Gure inguruko enpresetako profesional askok eta askok tarteko ingeles-maila daukate; hain zuzen ere, urteetan ingelesa ikasi bai, baina hitz egiteko gai sentitzen ez direnek. Gainera, alde handia dago ezagutza-gaitasunen emaitzen (gramatika, hiztegia, writinga eta readinga) eta ahozko gaitasunen artean (speakinga eta listeninga). Hori dela eta, ikastaro honen asmoa ingeles-maila hobetzea da, atzerriko bezeroekin eta/edo hornitzaileekin errazago negoziatu eta komunikatu ahal izateko. Parte-hartzaileek konfiantza landuko dute; hori beharrezkoa izango dute laneko eguneroko egoerei aurre egiteko, arreta ingelesez eman eta irudi profesionala ere ingelesez helarazi nahi badute. Egunak eta ordutegia Ikastaroa martxoaren 24an hasi eta ekainaren 4an bukatuko da. Astearte eta ostegunetan izango da, 13:30etik 15:00etara. Horrela, enpresen jatordua aprobetxatuko da eta lanorduarekin bateragarria izango da. Ikastaroa batik bat honako hauentzat da: tokiko enpresetako langileak, bidaiak egiten dituztenak edo bezero edo hornitzaileekin ingelesez aritzen direnak, edo horretarako asmoa dutenak eta aurrez aurreko, telefonoko edo posta elektronikoko komunikazioa hobetu nahi dutenak. Plaza librerik geratuz gero, langabeak ere etorri ahalko dira ikastarora, baldin eta beren lanbide-profila dela-eta adierazitako funtzioak egingo badituzte. Parte-hartzaileek antzeko maila izan dezaten, aurrez hautaturiko ikasle interesdun guztiei derrigorrezko hautaproba bat egingo zaie. Ikastaroa doakoa da eta ENPLEGU ESTRATEGIKOAK proiektuak finantzatzen du; proiektu horren % 50, halaber, diruz laguntzen du Europako Gizarte Funtsak, Euskal Herriko 2007-2013 programa operatiboaren bidez, eta GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) koordinatzen du. Informazio gehiago nahi izanez gero edo izena emateko Amurrio Bideanera deitu 945891721 telefonora edo empresa@amurriobidean.org posta elektronikora idatzi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide