Azaroko azken asteburuan bizi ezazu Amurrio arteaz, kulturaz eta gastronomiaz gozatuz leku paregabean, “El Refor” eraikinean. Azaroaren azken asteburuan, “El Refor" Pop Up Store ekitaldia egingo da Refor Amurrio Enpresaldean.
Leku iragankorra izango da, erakusketa eta salmentara bideratutakoa, eta xedea da, batetik, ikusgarri egitea bertako ekintzaileen, artisten eta saltokien zeregina; eta, bestetik, enpleguaren, jarduera ekonomikoaren eta kulturaren sortzaile legez egin duten lana aintzatestea.
Azaroaren 28an (ostirala), "El Refor” Pop Up Store gunea inauguratuko da. Kameleonik enpresaren sortzaile Elixabete Idoiaga eta Guillermo Basterra izango dira arduradunak. Enpresa hori Amurrion dago, eta kalitate handiko eta hainbat estilotako abarketak diseinatu eta ekoizten ditu, ondoren banatzaileen bidez eta on-line salmentaren bidez mundu osoan barrena merkaturatzeko. Diseinatzaile eta ameslari (halakotzat jotzen dute euren burua) horien esperientziatik abiatuta, ikusaraziko digute posible dela dena delako produktu bat berrasmatzea eta nazioarteko abangoardian kokatzea. Kameleoiak bezalaxe (hori da enpresaren ikurra), eurek ere jakin dute merkatura egokitzen. Horretarako, tradizioa, berrikuntza eta diseinu iraunkorra batzen dituzte. Euren hitzaldian, era berean, proiektua abian jartzeko gainditu dituzten zailtasun eta erronka guztien berri emango digute, udalerriko edo eskualdeko beste pertsona ekintzaile batzuen interesa pizteko.
Euren azalpena amaitu ondoren, Amurrioko Udalak aintzatetsi egingo ditu 2013 eta 2014 urteetan, Amurrio Bidean-en (Amurrioko Udaleko Toki Garapenerako Elkartea) laguntzarekin enpresa-ekimen bat abiarazi duten emakume ekintzaileen ekimena eta ahalegina. Ekitaldi hori Amurrioko Udaleko Berdintasun Arloaren laguntzarekin egingo da.
Eta, azkenik, ostiral horretan bertan, 20:30ean, "El Refor" Pop Up Store gunea inauguratuko da. Horretarako, bisita gidatua egingo dute gune hori egin duten pertsonek, euren ildo nagusia erakusgai jartzeko.
Azaroaren 29an (larunbata), programa zabala egongo da, erakusketa eta doako tailerrak barne, hala nahi dutenek eraikina nahiz ekitaldia ezagutzera hurbil daitezen: artistak, saltokiak, ikuskizunak, tailerrak… Txikibus zerbitzua egongo da gasolindegiko geltokitik, bai eta zozketak, deskontuak eta beste ezusteko asko ere.
Eta zer da Pop Up Store?
Pop Up Store gune edo saltoki iragankorra da, denbora tarte laburrerako muntatzen dena, gune berezi, paregabe eta dibertigarri batean produktu adierazgarriak erakusteko asmoz. Horretarako, ReforAmurrio Enpresaldea eraikina denda-erakusketa handia bilakatuko da. Bertan, tokiko saltokietako produktuak erosteko, gure udalerriko artisten obrak ezagutzeko, txakolina dastatzeko, pintxoak prestatzen ikasteko edo personal shopper baten aholkuei jarraitzeko aukera egongo da. Era berean, Udal Musika Eskolako Big Band taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da opariren bat aukeratu edo tokiko artea miresten den bitartean. Asmoa da espazio berean elkartzea tokiko saltokiak, artea, kultura, gastronomia eta abar, eta horrek guztiak giro paregabea eta atsegina sortzea.
“El Refor” Pop Up Storerako diru-laguntza jaso da Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Berpizteko Programaren bidez, Amurrio Bideanek (Amurrioko Udaleko Toki Garapenerako Elkartea) koordinatuta.