Azaroaren 5ean berriz ere enpresa topaketa egongo da: “(des-re :-) Konekta! Kepa Sojorekin”

Erabiltzailearen aurpegia Amurrio Bidean 2014ko urr. 31a, 14:14

Euskalitek sustatzen duen Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen hogeigarren edizioaren harira, Amurrio Bideanek "(des-re :) Konekta!"-ren hurrengo topaketa prestatu du azaroaren 5erako, Kepa Sojo zinema zuzendariarekin.

 

Lehenengo saioa duela sei hilabete egin zen, Diego Martín Etxebarria orkestra zuzendariaren eskutik, eta oraingoan (des-re :) Konekta!-ren beste edizio bat egingo da. Ekitaldia lider eraginkorrak izan nahi duten pertsonei zuzenduta egongo da: autonomoak, tokiko enpresetako gerenteak edo zuzendariak, egunez egun taldeak zuzendu eta koordinatzen dituztenak edota lidergo eraginkorrean interesa duen beste edozein pertsona.

“(des-re :) Konekta!” topaketekin, Amurrio Bidean, Amurrio Udaleko toki garapenerako erakundea, Amurrioko enpresen arteko elkarreragin-puntua ezartzen ahalegintzen da, euren artean parteka eta eraiki dezaten zer adierazten duen lidergoak eta beste batzuen esperientzietatik ikas dezaten. Izenak berak adierazten duenez, xedea da elkargune bat osatzea egunerokotasunetik deskonektatzeko eta interesak, kezkak, proiektuak eta abar partekatzen dituzten pertsonekin berriz ere elkartzea, edota bezero edo hornitzaileak izan daitezkeen horiekin… edo, are gehiago, lehiarekin.

Oraingo honetan, Kepa Sojo (Laudio, 1968) izango dugu gurekin, Begibistaneko (Amurrioko bitarteko euskal zinemaren jaialdia) zuzendaria 2007tik 2011ra. Gaur egun Vitoria-Gasteizko film laburren Cortada jaialdia zuzentzen du. Telesail bat eta hainbat film labur egin ondoren (horrekin batera irakasle eta ikerlari-lanetan ere aritzen da), 2009an debutatu zuen film luzeen munduan, “El síndrome de Svensson” filmarekin. Bere azken film laburrak (“Loco con ballesta”) publikoaren saria jaso zuen ZINEBI jaialdiaren 2013ko edizioan, baita Egile eta Editoreen Elkartearen eta Euskal Herriko Gidoigileen Elkartearen “euskal gidoirik onena” saria ere.

Ekitaldia eguerdian izango da, 13:00etatik 14:00etara, ReforAmurrio Enpresaldeko Skills Txokoan; eta, aukera egongo da ondorengo bazkarian jarraitzeko, mahaia partekatuz. Momentu ezin hobea izango da udalerriko enpresen arteko harremanei berriz ekiteko, zaintzeko eta sortzeko.

Ekitaldiak iraun bitartean, Kepa Sojok zinea eta jaialdiak zuzentzen izandako esperientziaren berri emango die bertaratuei. Aukera izango dugu liderrak zinean duen garrantzia ezagutzeko eta enpresagintza arloarekin antzekotasunak ezartzeko, baita taldeak motibatzeko dituen tresnak, errodajeetan dituen rolak eta abar ezagutzeko ere. Azken batean, xedea da zertxobait gehiago hurbiltzea zinearen mundura, zuzendari baten bizipenetatik abiatuta.

Ekitaldi hori Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen esparruan ospatuko da. Europan, urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean egingo da. Euskalitek, beste elkarte batzuen laguntzarekin (besteak beste, Amurrio Bidean), 50 ekitaldi antolatu ditu edizio honetarako.

Aste horretan egingo diren ekitaldiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Euskaliten web orrialdean duzue eskura informazioa: http://www.euskalit.net/nueva/index.php/es/component/content/article/39-carrusel/353--20-semana-europea-de-la-gestion-avanzada-inscribete-como-organizador-de-actos

Jarduera hori LanIN proiektuak finantzatzen du, FSE 2007-2013 Enplegu estrategikoak programa operatiboaren baitan. Xedea da pertsonen enplegagarritasuna hobetzea, euren garapen profesionala ahalik eta gehiena indartzen duten baliabideak edo eskumenak emateko.

Bertaratu nahi baduzu, jarri harremanetan Amurrio Bideanekin 945891721 telefono-zenbakiaren bidez edo e-posta honen bidez: empresa@amurriobidean.org

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide