Amurrioko Udalak programa berri hori antolatu du Amurrio Bideanen bitartez. Urriaren 27an hasiko da, 2015eko martxoaren 12ra arte iraungo du, eta Reforamurrio Enpresaldeako instalazioetan egingo da. Helburua da parte-hartzaileekin lantzea ekintzaileei aurrez egozten zaizkien abileziak, konpetentziak eta gaitasunak; izan ere, oso baliagarriak dira, enpresetan jarduteko edota enpresa-ekimen berri bat gogoan baduzu. Team Academy metodologia erabiliko da. Finlandiako Jyväkylä Unibertsitateak sortu du, liderra baita Europan ekintzailetza-tasetan. AKTIVA-TEk talde-lana eta learning by doing (eginaren eginez ikastea) bateratuko ditu. Programak iraun bitartean, banaka, talde txikietan (proiektu-taldeak) eta taldeka ikasiko dute zenbait ekintza-motaren bidez: taldekako saioak (eduki teorikoak lantzea), elkarrizketa-saioak, jarraipena egiteko saioak, eta banaka zein taldeka lan egiteko tartea (252 ordu). Hartara, parte-hartzaileek hainbat gaitasun eta konpetentzia eskuratuko dituzte (taldeetako lidergoa, abilezia estrategikoak, autokudeaketa, proiektuak kudeatzea, etab.), eta balio bereizgarria emango diete lan-merkatuan. Orobat, tresna berriak erabiliko dira (learning contract, pre-post Motorola, etab.), ezarritako xedeak erdiestea errazteko. Programan zehar, parte-hartzaileek iradokitzen dituzten proiektuak landuko dira batik bat, udalerrian indartu nahi diren arloekin lotuta planteatzen zaizkien erronken aurrean; horrela jokatuz, jarduteko proposamenen berri eman ahal izango zaie. Asmoa da ezaugarri jakin batzuk dituzten pertsonei erantzutea: zerbait ezberdina egiteko gogoa badute, lan-egoera berpiztu nahi badute, esperientzia berrietara irekita badaude edo euren ingurua aldatu edo eraldatzeko prest badaude. Azken finean, “xedea da parte-hartzaileek oso gustuko dutena topatzea eta irtenbide profesional egokia identifikatu ahal izatea”. Hala, gehienez, 12 pertsonako talde bat osatuko da, eta parte hartu ahal izateko, goi-mailako ikasketak behar dira, gutxienez; bestela, horren baliokide izan daitekeen lan-eskarmentua egiaztatu behar da. Langabeek lehentasuna izango dute, baina lanean daudenentzat ere irekita egongo da, interes eta jakin-nahi hori badute. Berez, asmoa da gazteak eta pertsona zaharragoak elkartzea, taldea aberasgarria izateko eta guztiek gainerakoengandik ikasteko. Ikastaroaren matrikulak 32,63 € balio du. Izena eman edo informazio gehiago nahi dutenak harremanetan jar daitezke Amurrio Bideanekin, 945891721 telefono-zenbakira deituz edo autoempleo@amurriobidean.org e-postara idatziz.