Jardunaldiaren helburua da gure eskualdean enpresa-ekimen berriak martxan jar daitezela sustatzea edo lehendik martxan dauden enpresei negozio-lerro berriak sortzen laguntzea.
Jardunaldia hauentzat da: ekin nahi duten baina zer arlotan zentratu ez dakiten pertsonak, ideia bat duten eta horren garapena aztertu eta martxan jarri nahi dutenak edo beren jarduerari buelta bat eman nahi dioten enpresa edo negozioak.
Ez dago ekimen edo enpresa berri bat arrakastatsua izango dela bermatuko duen errezeta magikorik, baina oso lagungarria izan daiteke arlo horretako adituen eta beste ekintzaile batzuen esperientzia entzutea.
Hori dela eta, INNOBIDEko Sergio Gonzálezek, jardunaldiari hasiera emateko, negozio-joerei eta -aukerei buruz hitz egingo du, eta azalduko du nola nabarmendu merkatuan negozio-eredua modu erraz batean landuta. Ondoren, mahai-inguru bat egingo da. Bertan, eskualdeko lau ekintzailek beren esperientziaren berri emango dute: zerk funtzionatu dien, zer aldatuko luketen gaur egun dakiten guztia jakin izango balute, nola egin dioten aurre pandemiari, etab.
Helburua da ekintzaileen askotariko profilak ikustea: Unai Arrieta, psikologia; orain ospea hartu du zahartze aktiboaren sektorean bere ezagutzak aplikatzeko aukera ikusi ondoren. Joana Bilbao, zeinak bere zaletasuna lanbide bilakatu duen beste bazkide batekin batera, “Entre punto y puntada” proiektuaren bidez. Licores Barañano enpresako Gaizka Barañano, zeinak, familiako enpresaren belaunaldi-aldaketa bere gain hartzeaz gain, ekiten eta berritzen jarraitzen baitu. Eta Oihana Goikoetxea, landa-ingurune batean ekiteari buruz hitz egingo digun fisioterapeuta (“Zurekin Fisioterapia” zentroa ireki du Luiaondon).
Jardunaldia amaitzeko, Jon Beltrán de Herediak software garatzaile, musikari eta umoristak 20 urte baino gehiagoz ekintzaile gisa izandako esperientzia kontatuko du, bere ikuspuntuak partekatuko ditu eta jardunaldiaren alderdirik garrantzitsuenak azpimarratuko ditu, betiere umore-ukitu batekin.
Horrez gain, jardunaldian Kuadrillako tokiko garapen-agentziek ekintzaileei ematen dizkieten zerbitzuen berri emango da: banakako aholkularitza, prestakuntza, enpresa kokatzeko espazioak, laguntzei buruzko informazioa eta horiekin lotutako izapideak, etab.
Fundación VITAL Fundazioak diruz lagundu du jardunaldia, Aiarako Kuadrillaren bidez.
Informazio gehiago lortzeko edo izena emateko, Amurrio Bideanekin harremanetan jar zaitezkete, 945891721 telefono-zenbakira deituta edo autoempleo@amurriobidean.org helbide elektronikora idatzita.