Aiaraldeko Kuadrillak 'Aiaraldean EKIN 2026' programa jarri du abian, adimen artifiziala negozioetara hurbiltzeko eta ekintzaileen arteko harremanak sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Amurrio Bidean

Programak adimen artifizialak negozioetan dituen aplikazioei buruzko hiru jardunaldi praktiko eskainiko ditu, eta eskualdeko ekintzaileen arteko topaketa batekin amaituko da.

Aiaraldeko Kuadrillak “Aiaraldean EKIN 2026” ekimena jarri du abian. Eskualdeko ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako programa honen helburua garapen profesionala eta hazkunde pertsonala sustatzea da, prestakuntzaren, berrikuntzaren eta esperientzien trukearen bidez.

Aurtengo programaren ardatz nagusia adimen artifizialaren (AA) aplikazio praktikoa izango da negozioetan. Horretarako, hiru prestakuntza-jardunaldi antolatu dira Aiaraldeko hainbat udalerritan, parte-hartzaileei tresna erabilgarriak eta eskuragarriak eskaintzeko helburuarekin.

Tresna horiei esker, denbora aurreztu, proiektuen kudeaketa hobetu, komunikazioa indartu eta negozio-aukera berriak aurkitu ahal izango dituzte.

Hiru saioek izaera praktiko nabarmena izango dute, eta adimen artifizialaren aplikazio-eremu desberdinak landuko dituzte:
Azaroaren 5ean, Adimen artifiziala zure negozioaren zerbitzura. Lehenengo jardunaldia Okondoko Gorostiola jatetxean egingo da, 16:00etatik 19:00etara. AA nola erabili landuko da, denbora aurrezteko, zereginak arintzeko eta negozio baten eguneroko kudeaketa modu errazean hobetzeko.

Azaroaren 12an, Marketina, salmentak eta bezeroarentzako arreta AAren bidez. Bigarren saioa Laudion egingo da, Harrika Zeramika Tailerrean, 16:00etatik 19:00etara. Parte-hartzaileek beren negozioetara egokitutako mezuak, argitalpenak eta sustapen-materialak sortzen ikasiko dute, komunikazioa hobetzeko eta pertsona gehiagorengana iristeko.

Azaroaren 17an, Ideietatik ekintzara AArekin. Hirugarren jardunaldia Amurrioko Lureder Horticulturan izango da, 16:00etatik 19:00etara. Helburua adimen artifiziala aplikatzeko aukera errealak identifikatzea eta proiektu bakoitzean praktikan jartzeko plan erraz bat diseinatzea izango da.

Horrez gain, programak banakako tutoretzak eskainiko ditu, ikasitakoa negozio bakoitzaren behar zehatzetara egokitzeko eta ezagutzak praktikan jartzeko laguntza eskaintzeko.

Elkartu eta esperientziak partekatzeko gunea

Programari amaiera emateko, datorren abenduaren 3an II. EKIN TOPAKETA egingo da, Aiaraldeko ekintzaileei zuzendutako topaketa. Hitzordua Laudion izango da, Lamuza Jauregiko Kristalezko Aretoan, 17:00etatik 19:30era.

Topaketaren helburua inspirazio-gune bat sortzea da, eskualdeko ekintzaileek elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko, ideiak trukatzeko eta konfiantzazko harremanak sortzeko aukera izan dezaten. Jardunaldia lunch batekin amaituko da, sareak ehuntzen eta Aiaraldeko ekintzaileen komunitatea indartzen jarraitzeko.

Lankidetza, eskualdeko garapen ekonomikoa sustatzeko

“Aiaraldean EKIN 2026” programako jarduerak Aiaraldeko Kuadrillak antolatu ditu, Amurrio Bidean, Zabaia Landa Garapenerako Elkartea eta Laudio Hazi garapen-agentzien lankidetzarekin, eta Vital Fundazioaren finantzaketarekin.

Ekimen honen bidez, erakunde antolatzaileek Aiaraldeko ekintzaileei laguntzeko, beren negozioetara tresna berriak hurbiltzeko eta eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialari lagunduko dioten lankidetza-guneak sustatzeko konpromisoa indartzen dute.

Izen-emateak eta informazioa

Interesa duten pertsonek izena eman edo informazio gehiago eskatu ahal izango dute erakunde laguntzaileen bidez:

  • A.G.E. Zabaia
  • Laudio Hazi
  • Amurrio Bidean

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide