Urduñak merezi du Plataforma herritarrak prentsa ohar baten bidez adierazi du ostegunean, hilak 11, Bizkaiko Batzar Nagusietan bilduko dela PSE eta EH Bildu taldeekin. Ekainaren 28an Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Biltzar Nagusietan dauden erakunde politikoekin biltzeko eskaera egin zutela gogorarazi dute; gauzak horrela, erantzun duten alderdiekin bilduko dira. EAJ, PP eta Foru aldundiak erantzun ez izana deitoratu du plataformak.
Plataformaren helburua dagozkien instituzio eta erakundeak udalerria bizi duen zorpetze egoeraren aurrean inplika daitezela dela gogora ekarri dute prentsa oharrean.
1677 sinadura
Ostegunean bertan Foru Aldundiaren egoitzan izango dira ere, herritarren artean eginiko sinadura-bilketan jasotakoa foru erakundeari helarazteko. Urduñarren erantzuna eskertu du plataformak, izan ere ia 1700 izenpe jaso baitituzte; kopuru adierazgarria plataformaren aburuz "gure herriaren kezka eta haserrea erakundeei helarazteko".