Atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan eginiko agerraldian, Karlos Arranz Urduñako alkateak, udalak bizi duen egoeraren aurrean zorraren zati bat ez ordaintzeko asmoa adierazi zuen.
Adierazpen hauek Joseba Gezuraga EH Bilduko batzarkidearen eta Naiara Merino Zinegotziarekin batera prentsaurrekoan egin zituen. Udalaren egoera ekonomikoa "ordainketak lehenestu beharreko" unera heldu dela azaldu zuen udal agintariak, eta horren aurrean "udalak langile eta hornitzaileei egin beharreko ordainketak lehenetsi dituela" adierazi zuen. Kutxabank berari honen berri eman diotela ere gaineratu zuen alkateak.
Udalak ordainketak lehenesteko unea helduta, hartutako erabakia beroaldi baten ondorio ez dela azpimarratu zuen alkateak; "hausnarketa luze baten ostean" hartutakoa baizik.
Egoera Larria
Urduñako alkateak gogora ekarri zuen duela hilabete eskas Urduñako udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Bideragarritasun Ekonomikorako Plana bidali ziola, eta foru erakundearen aldetik inolako erantzunik jaso ez izana deitoratu zuen "bi urte daramagu Aldundiaren zain".
Udalak hartutako neurriek ohiko gastuetan milioi bat euro aurreztea lortu badute ere ez da nahikoa izan, Urduñako sektore publikoak egun ia sei milioi euroko zorra pairatzen baitu. Egoera itogarri honen aurrean Aldundiaren axolagabekeria salatu zuen beste behin Urduñako alkateak.
Legea ez betetzetik desobedientziara
Alkateak adierazi zuenez orain arte udala maila ekonomikoan arau ez-betetze egoeran egon da. Egoerak, ordea, "desobedientziara" eraman du erakundea.
Joseba Gezuraga batzarkideak Bizkaiko Foru Aldundiak Urduñako zorpetzean duen eragina azpimarratu zuen. Izan ere, foru erakundeak "kudeaketa paraleloa baimendu eta bultzatu izan duela" adierazi zuen. Eta, aurreko legealdietan "tutoretza finantziero eraginkorra egiteari muzin egin" izan ziola gaineratu.
EH Bildu koalizioaren balorazioa
Urduñako udal gobernuaren egoeraren aurrean, gaur bertan Maribi Ugarteburuk eta Oskar Matute parlamentariek balorazioa egingo duela iragarri du koalizio subiranistak.
Urduñako Udalak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldia:
[video:http://youtu.be/nFnCvaHwPvU]