Udalak 2012ko urtarrilean eten zuen Golf Eskola kudeatzeko kontratua; instalazioak urtean 42.000 eurotik gorako galerak eragiten baitzion udal ekonomiari. Orain ordea, mantentze gastuak txikiagoak izango dira Hoyo 19 golfzale elkartea arduratuko baita azpiegitura honen kudeaketaz eta mantenuaz.
Urduñako udalak bizi duen egoera ekonomiko zailaren aurrean Arbieton kokatutako Golf Eskola kudeatzeko Taldesport enpresarekin zuen kontratua etetea erabaki zuen, zelaiaren esplotazioa eta mantentzea udalari urtean eragiten zion gastua handia zela eta, urtean 42.000 eurotik gora alegia.
Urte luze bat pasa da eta Golf Eskolak ateak ireki ditu berriz ere baina kudeaketa eredu bideragarri batekin; izan ere aurrerantzean Hoyo 19, golf zaleez osatutako elkarteak erabili eta kudeatuko du zelaia; egun 50 kide inguru ditu eta etorkizunean gehiago izatea planteatzen dute, elkatean parte hartu nahi duen orok aukera izango du.
Bideragarritasun ekonomikoa
Enpresa batek kudeatzetik elkarte batera pasatzeak dexente arindu du udari zelaiak suposatzen zion gastua; Hoyo 19 elkarteak eta udalak adostutako akordioari esker, azken honek argindarra, ura eta eskolaren asegurua hartuko ditu bere gain; elkarteak bere gain hartutako ardurak, bazkide bakoitzaren gaineko asegurua, zelaiaren mantentzea, belarra mozteko makina eta pilotak jasotzekoa mantentzea izango dira.