Goizean zehar jendetza Urduñara gerturatzen joan da, eta orduak pasa ahala kaleak girotzen joan dira. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako milaka gaztek topo egin dute Urduñan datozen lau egunetan luzatuko den jaialdian. Autobusez zein trenez jende uholdea heldu da hirira.
Goizean eguraldiak tregoa apur bat eman eta eguzkia ikusteko aukera izan da, giroa aurreko egunotan baino lehorrago izatea eskertu dute kanpalekua muntatzeko unean; datozen egunotarako iragarpenek eguraldi aldakorra aurreikusten badute ere.
Gazte Danbadara gerturatutakoek Gernika plazan izan dute lehen zita Harrera Ekitaldiarekin, hemendik aurrera gau eta egun ekintzaz beteriko egitaraua izango dute atondutako zortzi guneetan barreiaturik.