Bizkaiko Batzar Orokorretan eginiko prentsaurrekoan Urduñako udalak Aldundiari inplikazioa eskatu dio udalerriak egun duen "zorpetze egoera jasangaitzaren" erantzule gisa. Karlos Arranz alkateak egerraldian adierazi duenez, Aldundiaren proposamena hiriak pairatzen duen zorpetzea areagotzea da eta hori "ez dela irtenbidea" deitoratu du.
Aurrekonturik ez
Iragan larunbatean, hilak 23, aurrekontua aurkezteko epe legala agortu zen; udalak ordea, aurrekontu erreala egiteko ezintasuna dela eta aurtengo udal aurrekontua aurkeztu gabe utzi du; alkateak emandako azalpenaren arabera "Gastu korrontea diru-sarrerak baino handiagoa da, eta gastu korrontetik milioi bat euro aurreztu dugu" adierazi du. Gauzak horrela, gastua murrizten jarraitzeko ezintasuna adierazi du udal agintariak, "bestela oinarrizko zerbitzuak urratuko genitzuke" gaineratu du, Urduñaren premia "zorra kitatzea" dela azpimarratuz.
Urduñako herritarrek egindako esfortzua eskertu eta udal zerbitzuak martxan jarraitzeko parte hartzea eta herritarren inplikazioa oinarri gisa izandako egitasmoak izendatu ditu alkateak; Golf Zelaiaren berrirekitzea, Musika Lokalen kudeaketa edota Jai Batzordea ekarri ditu gogora.
Kazetarien galderei erantzunez, "Aldundiak beste udalerrietarako irtenbideak bilatzerakoan irudimen eta ahalegin handiagoak" izan dituela adierazi du gobernu buruak. Urduñarako planteatzen den edozein irtenbidek bi baldintza izan behar dituela gaineratu du, Urduñak ezin duela gehiago zorpetu eta udalari murrizketa gehiagorik ezin zaiola eskatu.