Herenegun eginiko agerraldian, Unai Rementeria, Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak foru erakundeak Urduñederra sozietate publikoan duen parte hartzea handitzea baztertu zuen. Urduñako udalak, Aldundiak promozio ekomomikorako elkartean duen parte hartzea %49ra igotzea planteatzen zuen Plan Ekomomikoan. Gauzak horrela, aldundiak orain arte bezala akzioen %13aren jabe izaten jarraituko du.
Plan Ekonomikoa
Udal egiturek bizi duen zorpetze egoera itogarriari erantzuteko asmoz, Urduñako udalak Plan Ekonomikoa aurkeztu zuen iragan urrian, planak hiru ardatz nagusi dituelarik: Udalaren aldetik, udal egiturak bideragarri egiteko neurriak jasotzen ditu (gastuen kontrola, diru sarreren egonkortzea, fiskalitatea berrikustea eta abar). Azken hilabeteetan neurri desberdinak aurrera eraman izan du gobernu taldeak, besteak beste hainbat lanpostuen amortizazioa bultzatuz.
Banketxeen paperaren gainean ere eragitea proposatzen du planak, Urduñako udal egiturak egun duen ia 6 milioi euroko zorrak eragindako ordainketak egiterako unean malgutasuna adieraz dezaten.
Hirugarren aldatza Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio, izan ere 2008. urtean egindako operazioari jarraiki, Urduñederra garapen ekomomikorako udal agentziaren akzioen gainean foru erakundeak duen parte harztea %49ra igotzea planteatzen zuen udalak egindako planak; udalak akzioen salmentan jasotako hiru milioi euroak zorra kitatzera bideratzeko konpromisoa adierazten zuelarik.
Babes Fiskala
Foru erakundeak udalerrien zorpetzearen gainean duen ardura aipatzen zuen udalaren Plan Ekomomikoak, izan ere aurreko legegintzaldietan Urduñako udalak zein Urduñederra sozietate publikoak sinatutako epe luzerako maileguek Aldundiaren oniritzia izan zuten; udal egiturak legeak baimendutako zorpetzea gainditu zuen, Aldundiak operazioa hauek Foru Arau desberdinekin babestu zituelarik.
Alkatearen erantzuna
Karlos Arranz alkateak Gara egunkarian idatzitako iritzi artikuluaren bidez, Aldundiko bozeramaileak egindako adierazpenak "errespetu faltatzat" hartu ditu "udalari jakinarazi gabe agerraldi publikoan aurkezteagatik" eta Aldundiak "zorpetzea aragotzea besterik" planteatzen ez duela deitoratu du.