Iragan asteazkenean Kultur Etxean egindako Batzar Informatiboan Karlos Arranz Urduñako alkateak eta Asun Vadillo Ogasun Zinegotziak jendaurrean aurkeztu zuten Udalak egindako Plan Ekonomikoa. Legegintzaldia hasi zenetik udalak bizi duen egoera ekonomikoaren inguruan egiten den hirugarren batzarra izan zen.
Urduñako udalak pairatzen duen egoeraren aurrean hartu beharreko neurriak zehaztu zituzten, beti ere egungo zorra eta defizit egoera iraultzeko asmoarekin. Planak ohiko gastuen eta diru iturrien artean urtez urte metatzen den desoreka iraultzea du helburu, horretarako hainbat neurri aurreikusten direlarik. Fiskalitateari dagokionez, zergen berrikuspena Bizkaiko biztanle tarte bereko udalerriekin parekatzea bultzatuko du udalak orain arte baino era progresiboago batean. Urduñako egitura publikoetan (udala eta Urduñederra zein Arkupea sozietate publikoak) ere lanpostuen eta funtzioen berregituraketa egingo da, Bizkaian biztanle tarte bera duten udalerriekin parekatzeko asmoz. Neurri hauekin udalak urtetik urtera pilatu izan duen defizit egoera iraultzea bilatu nahi da.
Legegintzaldi honetan zehar hartutako neurri ezberdinek ohiko gastuan 600.000 eurotik gorako aurreztea eragin dutela azpimarratu zuten udal agintariek, adibide gisa: Politikarien soldatak jaistea urtean 87.000 euroko aurreztea suposatu dute, golf zelaiaren itxierak urtean 42.000 euro aurreztea suposatzen du eta Udal Zaharren Egoitzako zuzendaritza baliabide propioen bidez kudeatzeak beste 45.000 euro, esaterako.
Defizit egoeraz gain; Urduñako egitura publikoek duten zorpetzearen inguruan Aldundiaren inplikazioa eskatu zuen alkateak. Karlos Arranzek gogora ekarri zuen Urduñak muga legal guztiak gainditzen dituen zorpetzea (ia sei milioi eurokoa momentu honetan) Bizkaiko Foru Aldundiaren oneritziarekin burutu zela eta foru erakundeak udaletxeen gainean duen tutoretza finantzieroa egiteko beharrari muzin egin ziola, udalak zein Urduñederra sozietateak egindako mailegu operazioak foru arauen bitartez bermatu baitzituen. Hau dela eta, eta berriki Bakion Aldundiak egindako diru injekzioa ikusita, Urduñederra sozietateko patizipazioak erosteko udalak egindako proposamenari erantzutea eskatu zuen Urduñako alkateak.