Gobernu taldeak, proposatutako udal-egituraren murrizketa eztabaidatzeko tartea zabaldu du.
Atzo Urduñako udaletxean eginiko osoko bilkurak ikusmin handia sortu zuen, izan ere udalak bizi duen egoera ekonomikoa bideratzeko neurri gisa hainbat lanposturen amortizazioa aurkeztu zuen Gobernu Taldeak; postu horietatik bat egun betetzen ari den langilearen kaleratzea eragingo luke. Azkenean Bilduk gidatzen duen gobernu taldeak neurria gai ordenetik atera zuen hilabeteko epean indar politikoen artean irtenbide berriak adosteko tartea eskainiz.
Lepo betetako udal batzar aretoan egin zen ohiko bilkura, udal gobernuak aurkeztutako udal-egitura murrizteko neurriak ekar zezakeen langile kaleraketa baten aurrean herritar eta ELA sindikatuko kide ugari bildu zen. Urduñako udal gobernu taldeak egindako plan ekonomikoaren inguruan neurri berria zekarren gai-ordenak, iragan asteetan zerga berrikuspena onartu eta gero.
Udal bilkurako gai ordena amortizazioaren puntura heldu zenean sindikatuko kideek ohiuka hasi eta murrizketek kontrako pankarta atera zuten, orduan Karlos Arranz alkatea haiengana gerturatu eta hitza emango ziela adierazi zien baldin eta bilkura oztopatzen ez bazuten; jarraian, udal agintariak sortutako egoeraz jabetuta neurria hilabetez eteteko konpromisoa adierazi zuen.
Iñaki Cuadra EAJ alderdiko bozeramaileak hitz gogorrak izan zituen gobernu taldearen kontra euren interesen neurrira egindako plan ekonomikoa aurkeztu izana salatu baitzuen; Karlos Arranz alkateak, bere aldetik, alderdi jeltzaleko kideak inolako ekarpen edo proposamenik egin ez izana deitoratu zuen.
Gauzak horrela, adostasuna bilatu asmoz datorren astean bertan alderdien arteko eztabaida abiatzeko asmoa adierazi zuten udalaren defizit egoera bideratzeko hartu beharreko neurriak elkarren artean eztabaidatzeko.