Musikaren Astearen egitaraua abian da asteburu honetatik aurrera; hamar egunez musika ekimen ugari izango dira Urduñako bazter desberdinetan. Aipatzekoa da igandean egingo den musika-poteoa, bertan talde eta bakarlari desberdinak 17 tabernetan zehar kantuan ibiliko dira, eguerdiko 13:00etatik aurrera izango da.
Lupardika tabernan Durbin Poveda bakarlaria arituko da, Llarena jatetxean Mikel Romero Duo izango da Jazz-Blues estiloarekin, Marrazki tabernan Carlos Velasco Duo jazz bikotea arituko da, La Cabañan Peri Ibañezen pop akustikoa izango da, Mugalde tabernan Perdido Entre Ilusiones bakarlaria arituko da, Romulo jatetxean Habana 537 taldeak musika kubatarraren emanaldia eskainiko du, Frontoi tabernan John Bolduanen folk alternatiboa izango da entzungai, Melis tabernan Hutsa bikote akustikoa izango da, La Noche tabernan Igor Arzuaga eta Luis Vil izango dira; Belatz Gorri tabernan aldiz, Music Box soul-pop taldea arituko da.
Honetaz Gain, La Posada, X Taberna, Gernika kafetegia, Sortetxe, Politena, Soinua eta Karmele tabernen inguruan trikitixa kalejira ibiliko da FiTaFik elkartearen eskutik.
Poteoa amaitu ostean ere musikak ez du etenik izango, izan ere arratsaldean Jam-Session emanaldia izango da gaztetxean.