Atzo izandako osoko bilkuran, udalean ordezkaritza duten alderdiek (Bildu, EAJ eta PP) aho batez onartu zuten frankismo garaian udalerrian hildakoen memoria gogora ekartzeko eta udalak udal lanetan kontzentrazio esparruko gerra presoak esklabu eskulan gisa erabiltzeagatik barkamena eskatzeko Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak eginiko adierazpena.
Armada frankista Urduñan sartu eta kontzentrazio esparrua eraiki zeneko 75. urteurrena izango da aurten, arrazoi horiek direla medio hildakoen memoria ekarri nahi izan dute gogora, baita espetxeratuek pairatutako bizi baldintza larriak ere.
50.000 preso inguru
Karlos Arranz alkateak irakurritako adierazpenaren arabera, "udalak barkamena eskatzen du gerra presoak esklabu eskulan gisa erabili izanagatik" eta "egoera hau baliatzeagatik etekin ekonomikoak lortzeko"; honetaz gain, udalak udalerrian espetxeratutako guztien memoria berreskuratzeko asmoa adierazi du eta 75 urtez ezkutuan izan den hiriaren historiaren pasarte hau zabaltzeko.
Udalerriko memoria historikoa berreskuratzen laguntzeko prestutasuna ere adierazi zuen udalak, izan ere Joseba Egiguren idazleak eginiko ikerketak 50.000 preso inguru zenbatzen zituen Urduñako kontzentrazio eremuan.
250 hildakotik gora
Garai ilun horietan hildakoak ere gogoan izan zituzten atzoko bilkuran: bonbardaketan hildako bi bizilagun, gerran hildako zein fusilatuak, kontzentrazio eremuan hildakoak eta kartzelan hildakoak (225 inguru). Urduñako alkate izandako Manuel Murias Diez de Ceriorentzako ere oraoitzapena izan zen, Bilbon fusilatu baitzuten 1937ko irailan.
[video:http://youtu.be/h3SJc3ivPN4]