Pasa den asteko ostegunean, hilak 26, egindako osoko bilkuran Urduñako udalak Txus Martin preso basauritarrari "Zigor Kodearen 92. artikulua kontuan hartuta, aske uzteko prozedura bizkortzeko eskatu zuen. Baita gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste presoak aske uzteko ere."
Herrira presoen aldeko ekimen herritarrak aurkeztutako mozioa bideratu zuen Bilduren udal taldeak eta beren bozkak nahikoak izan ziren onartzeko; EAJ alderdiak aldiz, abstenitu egin zen eta mozio propioa aurkeztu zuten gehiengoa lortu ez bazuen ere, PP alderdiko zinegotziak kontrako bozka egin zuen.
Herrira plataformak igorritako mozioak, Txus Martin presoaren egoeraren berri ematen zuen; besteak beste, "nahasmen eskizo-afektiboa" pairatzen duela eta "ia zortzi urte bakarturik egin dituela Frantziako espetxeetan. 2010ean zainak mozten saiatu zen, eta paranoia larriekin jarraitzen du oraindik. Ordutik espetxean ezarritako tratamenduan dago, baina oztopoak jarri zaizkio bere konfiantzako medikuarekin eta psikologoarekin egoteko".
Gauzak horrela, mozioan aurkeztutako eskakizunak bere gain hartzen ditu Urduñako udalak. "Txus Martini bere konfiantzako mediku eta psikologoarekin egoteko aukera bermatzea", "bere konfiantzako medikuek beharrezkotzat jotzen dituzten froga mediku guztiak egitea eta gomendatzen duten tratamendua oztoporik gabe ematea" eta "Txus Martini, familiari edo bere medikuei bere inguruko txosten mediku eta froga guztien emaitzak ematea eta bere buruaz beste egitea ekiditeko protokoloa behar bezala aplikatzea" ere eskatzen ditu.
Ezkerreko zutabean mozio osoa irakurgai duzue.