Urduñako udalaren komunikazio zerbitzu integrala kudeatzeko iazko abenduan hasitako esleipen prozesuak aurrera egin eta apiriletik aurrera Zikoina udal aldizkaria, udalaren web orria eta erakundearen prentsa kudeaketa esleitu dira; aldaketak agerikoak izan dira Zikoina aldizkariaren azken aleak diseinu berria duelarik.
Factor D enpresak eskuratu du udal komunikazioa bideratzeko ardura, kontratuak urte beteko epemuga du, beste urte betez luzatzeko aukera dagoen ere. Lizitazio prozesua bideratzeko udalean ordezkaritza duten alderdi guztien partaidez eta teknikariez osatutako kontratazio mahaia eratu zen, bertan proiektu desberdinak aztetu eta gero adostu da aurkeztutakoen artean zein aukeratu.
Zerbitzu merkeagoa
Iaz abiatu zen udalaren komunikazio dinamika modu integralean lehiaketa publikora aurkezteko egitasmoa; lehen momentutik urtean 45.000 euroko aurrekontu muga zuen kontratua eskaintzen zen zerbitzuen truke, %25 inguruko beherapena suposatzen zuen esleitutako zerbitzuei dagokienez, ordura arte urtean 60.000 euroko kostea baitzuten.
Azkenean adostutako aurrekontua muga horretatik apur bat beherago kokatzen da eta 42.000 euroko kontratua izango da ezarritako hiru zerbitzuengatik eta horrez gain hirian urtean zehar antolatzen diren hainbat ekimenetarako paperezko euskarriak egitea ere hartuko ditu bere gain, aurreko urteetako gastuekin alderatuta % 30tik gorako beherakada suposatzen duelarik.
Irudi berria
Iragan hiletik Zikoina udal aldizkariak diseinu berria du, aldaketa nabarmenena orrialde guztietako argazkiak kolore anitzekoak direla dugu; udalaren web orrian ere berrikuntzak nabaritzen hasi dira, eguneraketa aldetik batik bat.