Urriaren 26an abiatutako udal egoera ekonomikoari buruzko batzarrari jarraiki, atzo Karlos Arranz Urduñako alkateak eta Asun Vadillo Ogasun zinegotziak aurrekontuak eta udalaren egoera ekonomikoa izan zituzten hizpide Kultur Etxean eginiko batzar herrikoian. Udalerriko egoera ekonomikoaren jatorria, udalaren eta menpeko dituen sozietate publikoen zorpetzea eta defizitari buruz mintzatu ziren; herritarrek euren kezkak eta galderak egiteko tartea ere eskeini zuten.
2011ko aurrekontuen balantzearekin abiatu zuten batzar herritarra, 20.000 eurotik gorako defizitarekin itxi zuten baitzuten urtea; honen harira, udalerriak azken hamarkadan bizi izan duen egitura-defizitari leporatu zioten udal agintariek, izan ere, gastu murrizketa handiak abiatu dituzten arren udalak eta bere menpeko sozietateen urtetik urtera galerak metatu izan dituzte.
Alkatearen hitzetan, urte luzetan zehar zorpetzea egitura-defizit horri aurre egiteko aurreko baliatui izan dute aurreko udal gobernuek, honek egoera bideratu ordez, urteen buruan ia sei milioi euroko zorra sorrarazi dio udal egiturari.
2012 urterako 339.900 euroko aurrezte neurriak abiatu dituen arren (aurreko urteko aurrekontuaren %10,83), diru iturriek ere nabarmen egin dute behera eta aurten 1.070.000 euro gutxiago izango direla aurreikusten du udalak (Aurreko urtearekin alderatuz, %15.88 murriztu dira diru sarrerak).
Datuokin, udalaren kalkuluen arabera, urte erdialderako likidezia agortuko litzateke; egoera horretan udal aurrekontuak egiteko ezintasuna ikusirik, 2011koak luzatzeko proposamena aurkeztu zuen gobernu taldeak, aurretik erabakitako murrizketa neurriak ezarriz.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera udalerriko egoera ekonomikoa aztertu du udalak, momentuz nuerri zehatzik adostu ez den arren. Alkateak deia luzatu zion aldundiari hiriaren egoera bideratzeko udalak proposatutako irtenbide integralean inplikazioa eskatuz, udalaren promozio ekonomikorako elkarlanean oinarritutako plan estrategiko batean oinarrituz.