Zikoina udal aldizkariaren bitartez ezagutzera eman duenez, Urduñako udalak, datu ekonomikoak ezagutzera emateko batzar informatiboa deitu du datorren Martxoaren 14rako. Hitzordua Kultur Etxeko areto nagusian izango da arratsaldeko zazpiretan.
Batzarrean, udal agintariek herritargoaren aurrean 2.011ko aurrekontuen balantzearen berri eman eta urte honetarako aurrekontuen ildo nagusiak aurkeztuko dituzte, honekin batera "Udalak pairatzen duen ekonomia eta finantza egoera aztertu eta horrek guztiak 2.012ko aurrekontuen prestaketan duen eragina" ere argituko da batzarrean, udal argitalpenaren arabera.
Udalaren egoera ekonomikoaren inguruan legegintzaldian eginiko bigarren asanblada informatiboa dugu hilabete honetan egingo dena; urriaren 26an eginikoan Karlos Arranz alkatea eta Asun Vadillo hiriko ogasun zinegotziak udalerriaren zorpetzea eta defizita izan zuten hizpide; besteak beste udalak eta bere menpe diren sozietateek ia sei milioi euroko zorra dutela ezagutarazi zuten orduan.