Atzo arratsaldean eginiko osoko bilkuran udal tasa berrien sistema eta tarifak onartu zituen udalak. Datorren urtetik aurrera eragina izango duten ura, estolderia, zabor eta saneamendu tasak ezarri ziren udalbatzan.
Ura eta saneamendua: Araztegiak eta Uren Partzuergoak markatutako udal tasak
Aurreko sistemarekin alderatuta, 2012. urtetik aurrera eragina izango duten tasa berriek kontagailuaren irakurketan oinarrituta kontsumitutako metro kubikoei erreparatuta izango dira tarifak, orain arte, kontzeptu finkoek ezarri baitute tasa sistema; udal agintarien hitzetan, sistema "bidezkoagoa eta progresiboa" izango da urari eta saneamenduari dagokionez.
Azken kontzeptu hau, saneamenduarena alegia, berria izango da, orain arte ez baita halakorik aplikatu. Bilbo eta Bizkaiko Uren Partzuergoak, Hondakin Uren Araztegiaren mantentzearekin batera udalerriko uraren kudeaketa integralaren eskumena izango duen erakundearen tarifak ezarriko baitira Urduñan.
Urari eta saneamenduari dagokionez, kontagailuaren kalibrearen araberako kontzeptu finkoari, kontsumitutako metro karratu bakoitza kobratuko da, ez besterik; alde nabarmena dago orain arte erabilitako sistemarekin alderatuta, izan ere gutxienekoa hiruhilabetekoan 35 metro kubiko izan dira azken urteotan. Datorren urteko lehen hiruhilabetekoaren ostean, ordea, ez da gutxieneko kontsumorik egongo, etxebizitza bakoitzak erabili dituen metro kubikoen arabera ordainduko baitu.
Zaborra eta estolderia: zerbitzuen kostuari moldatuta
Zabor eta estolderia tasei dagokienez, aurrekoekin alderatuta, kopuruak irauli dira; gauzak horrela, zaborrei ezartzen zaien tasak %48ko igoera izan du, estolderiari dagokionak, ordea, %72,28 egin de behera. Zerbitzu orokor hauek eragiten duten gastuari egokitzea izan da aldaketa hauen xedea; izan ere aurreko urteetan zabor-tasen diru iturriak ez ziren nahikoak bilketaren gastuei aurre egiteko eta estolderiari zegozkienekin osatzen zituzten, behar baino diru sarrera gehiago izaten baitziren kontzeptu horretan.
artikulu honekin batera, tasen ereduak dituen erantsia aurki dezakezu, bertan tasa berrien nondik norakoak zehaztasun osoz irakurri ditzakezue, adibide praktikoak ere bertan dituzu.