Gaixo larriak/Biguri askatu! Herri Plataforma aurkeztu dute Arespalditzan aiaraldeko hainbat eragilek egindako prentsaurrekoan.
Jose Angel Biguri, 22 urtez preso dagoen Menagaraiko bizilagunaren egoeraz kezkatuta, berehalako askatzea eskatu dute, baita gaixorik dauden gainontzeko euskal presoentzako ere.
Aiarako bizilaguna 1.989ko irailetik preso dagoela gogoratu dute eta beti estatu espainiarreko kartzeletan dispertsaturik izan dela azpimarratu dute, bere etxetik 600 km. baino gehiagora; bi urte dira kondena bete zuela, egun kalean egon beharko luke, baina 197/2006 doktrina aplikatzearen ondorioz, kartzelan segitzen du.
Gauzak horrela, "Kartzela-politikak utzi egin behar dio errepresio eta erabilera politiko tresna izateari eta konponbide demokratikorako tresna bihurtzea" adierazi dute, eta honekin batera "dispertsioa deuseztatzea, preso gaixoak askatzea eta biziarteko kartzela-zigorra dakarren 197/2006 doktrina aplikatzeari uztea, bakardade, isolatze egoerak eta erasoen ezereztea" exijitu dute.
Mobilizazio ugari iragarri dituzte, besteak beste, ostiralero Amurrioko plazan biltzea; abenduaren 16ean Amurrioko Kultur Etxean preso gaixoen inguruko hitzaldia antolatu dute, ondoren manifestazioa izango delarik preso gaixo guztien askatasuna eskatzeko; abenduaren 31rako Martuteneko espetxera martxa. Urtarrilaren 7an Bilbon izango den manifestaziora joateko deia ere luzatu dute plataformako kideek