Atzo Kultur Etxean eginiko asanbladan, udalak datozen urteotan hirigintzari dagozkion jardueratan parte hartzea bultzatzeko egitasmoa aurkeztu zen, laurogei bat herritarren aurrean.
Karlos Arranz, hiriko alkatea eta Jose Landaluze zinegotziak aurkeztu zuten udalak hirigintza, zerbitzu eta ekipamendu alorretan sustatu asmoz eztabaidagai zuten egitasmoa.
Udalak arlo teknikoan dituen tresnak aurkeztu eta administrazio barruko giza baliabideen errepasoa egin zuten (bai udaleko hirigintza, obrak eta zerbitzuen sailean eta Urduñederra elkarte publikoan ere). Honekin batera, arlo herritarra era mintzagai izan zuten, honen harira, eguneroko lana eta alde estrategikoa desberdindu beharra azpimarratu zuten.
Parte hartzea, batzar herritarrak eta lan taldea
Parte hartzea izango da hirigintza jarduerak sustatzeko ardatza, urtean zehar hiru batzar herritar egiteko asmoa azaldu zuten, honekin batera, lan talde iraunkorra eratzeko gonbitea egin zuten. Herritar talde anitza sortzeko asmoa azaldu zuten, horiekin batera alderdi guztietako politikariak eta udal teknikarien topagune litzatekeen elkarlana eratzeko.
Urduñak hirigintzari dagokionez dituen helburu estrategikoak, mugikortasuna, ondarea, ekipamendu eta zerbitzuak eta inguru kudeaketa dira. Udalak arlo honetan jarduteko bi tresna nagusi ditu, HAPN (Hiri-Antolamendurako Plan Nagusia) eta BPB (Berritze Plan Berezia); azken hau Urduñako Alde Zaharra babestutako eremu gisa izendatua dagoelako.
Alde Zaharrarekin batera, auzoak eta Larruazabal osatzen duten lau herriak ere eragiteko esparru gisa aurkeztu zituzten. Auzo desberdinetan, auzo elkarte eta norbanakoekin harremana sendotzea helburu izango du udalak, urtarriletik aurrera ekingo zaio auzoekin elkarlana sustatzeari.
Larruazabal osatzen duten herriei dagokienez (Lendoñogoiti, Lendoñobeiti, Mendeika eta Belandia) bertako alkateekin harreman ona badago ere, udalak agenda propioa eskaintzeko beharra aztertzeko asmoa adierazi zuten.
Gauzak horrela, abenduaren 13a hirigintza lan taldearen saioaren abiapuntutzat jartzea proposatu zuten, Alde Zaharrari dagokion lanari ekiteko. Arlo honetan, hainbat proposamen tekniko ere egin zituzten: Foru Plaza oinezkoentzako egiteaz eztabaida piztea, San Migel eta Andra Mari plazentan kanpo elementuak kentzea eta gaztelua zein harresia berreskuratzea alegia.